Gaur inauguratu du Uvescok frutak, berdurak eta arrainak biltzeko eta manipulatzeko plataforma logistiko berria, Bentak auzoko Bidaurre Ureder industrialdean. Taldeak zazpi milioi euroko inbertsioa egin du plataforma zaharra handitu eta berritzeko, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Jose Ramon Fernandez de Barena Uvesco Taldeko zuzendaria egon dira inaugurazio ekitaldian, besteak beste.
Plataforma logistiko berriak 8.400 metro kuadro ditu, lehen baino 1.000 gehiago, eta produktu freskoa biltzeko gaitasuna bikoiztea ekarriko dio taldeari. Datozen urteetan %5 hazi eta jarduera handitzea espero du Uvescok, eta aurreikuspen horiei aurre egiteko beharrezko azpiegitura da Irunen irekitakoa. Egunean ehundik gora tona produktu fresko aterako ditutze planta horretatik, eta denborarekin kopurua bikoiztea espero du supermerkatu taldeak.
Plataforma berriak Uvescok Euskal Herrian eta Errioxan dituen 82 supermerkatuak hornituko ditu. Irun Uvesco Taldearen "zerebro logistiko" bezala indartu dutela azaldu du enpresak, izan ere, duela bi urte haragitarako beste plataforma logistiko bat jarri zuten martxan Irunen bertan. Taldeak 500 langile ditu Irunen, eta 1.300 Gipuzkoan. Uvesco Taldearenak dira BM supermerkatuak eta Super Amara ere. Guztira 200 salmenta gune ditu Euskal Herrian, Kantabrian eta Errioxan.