Uzta kaskarra 20 urtean

Europako diru laguntzen banaketarekin kexu dira baserritarrak, eta «krisi handia» eragitea egotzi diote

LEIRE OLAETXEA / IRENE ARRIZURIETA
2006ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Makina bat belar onduko zuten Euskal Herriko baserritarrek azken 20 urteetan; makina bat txerri hilko zituzten San Martin egunez; eta makina bat aldiz kexatuko ziren merkatuko prezio apalekin. Gaur beteko dira 20 urte Hegoaldeko baserritarrek Nekazaritza Politika Bateratuarekin bat egin zutela; eta ez daude pozik ekarri dituen ondorioekin.

40ko hamarkadan abiatu zen NPB, bost helburu nagusirekin: produktibitatea areagotzea, merkatuak egonkortzea, prezio egokiak ziurtatzea, hornikuntza bermatzea eta baserritarren bizi maila egokia ziurtatzea. Euskal Herrian «krisi handia» eragin duela salatu du Paul Nicholson EHNEko Kanpo Harremanetarako arduradunak. «Baserri bat galtzen da egunero».1986ko egoera gogoan du. NPBren aurka Bruselan protesta egiteko autobusak antolatu zituztela oroitzen du, eta orduan egindako kritikak orain errealitate bihurtu direla azpimarratu du. «Ekoizpenaren kontzentrazioa eta eredu industriala bultzatzen ditu». Azken 20 urteotan baserritar asko galtzeaz gainera, «oso eredu intentsiboa» sortu dela salatu du.Irabazle eta galtzaile argiak ditu eredu horrek, Nicholsonen ustez. «Gure baserri txiki eta iraunkorra galtzaile izan da, eta Europako baserri eta haztegi handiak dira irabazleak». Europako biztanle bakoitzak nekazaritza finantzatzeko astean bi euro ordaintzen baditu ere, hamar eurotik zortzi baserrien edo haztegien %20k hartzen dituztela azpimarratu du. Edonola ere, Europak nekazaritza politika bat behar duela aldarrikatu du EHNEkoak. Laguntzei goitik muga jarri behar zaiela uste du, eta proportzioan baserri txikiek handiek baino gehiago jaso behar dutela azpimarratu du. «Baserritarren lana eta gizarte funtzioa defendatzen ditugu». Ekoizpenari jaramon egin behar zaiola ukatu du. «Mendian egiten den lana ez da lautada batean egiten den bera».Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «gehiago egiterik» badutela nabarmendu du, eta Austriako gizarte lehentasunak jarri ditu adibide. Era berean, behi eroak eta hegazti gripea «eredu intentsiboaren» ondorio direla ohartarazi du. «Ekoizpen eredu logikoa baztertuz gero, horrelakoak gertatzen dira, eta argi dago elikadurako eskandalu gehiago izango ditugula».Hainbat aldiz moldatu da azken urteotan NPB, eta 90eko hamarkadan hasitako erreformaren ondotik, lehiakortasuna, ingurumenaren babesa eta sektoreko dibertsifikazioa sustatzen dira orain.Erreforma horiek «mota guztietako murrizketak» ekarri dituztela salatu du Angel Eraul UAGNko presidenteak. «Nekazarien egoera okerragoa da. Gure errenta gutxitzen ari da, erreformak interes politiko eta ekonomiko jakin batzuen arabera egiten diren bitartean». Nekazaritzako gaien 1992ko eta egungo salneurriak oso parekoak direla, baina kostuak bikoiztu egin direla salatu du.

Dukesari laguntzak

Albako dukesak diru laguntzak hartzea gaitzetsi du. Iaz 49.000 milioi euroren laguntzak eman zituen Bruselak, EBko aurrekontuaren %46, zehazki. 1,8 milioi euroren laguntzak hartu zituen 2003an dukesak; 3,6 milioi euro Mora Figueroa-Domecq sendiak; Ingalaterrako Elizabeth II.ak 796.000 euro jasotzen ditu; 993.000 euro Charles printzeak eta 663.000 euro Westminsterko dukeak.

Datorren urtean, ordea, badirudi NPBren amaieraren hasiera hasiko dela. 2013rako laguntzen zati handi bat bertan behera geldituko dela iragarri du Mariann Fischer Boel EBko Nekazaritza komisarioak (NPBren laguntzak ere jaso ditu). Hortaz, horren arabera berriro ere herrialde bakoitzak bere irizpideen arabera banatuko ditu laguntzak.

 



-

Datua





%3

Euskal Herriko langileen %3k jarduten dute nekazaritzan. Baserri kopuruak behera egin du, eta 1989an baino %40 patata gutxiago ekoizten zen hamar urte beranduago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1996tik 2002ra artean %30,5 gutxitu ziren esnetarako behiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.