"Abuztua ez da hilabete ona enpleguarentzat". Hala esan du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteko Politiketako sailburuak, eta hala baieztatu dute zenbakiek ere. Hego Euskal Herrian, Bizkaian hazi da gehien langabe kopurua abuztuan: 1.554 langabe gehiago zenbatu dituzte han; 767 Gipuzkoan; 673 Araban; eta 81 Nafarroan. Guztira, 147.161 langabe daude. Ehunekoei begiratuta, baina, Araban izan da hazkunderik handiena: %3,57; Gipuzkoan, %2,62; Bizkaian, %2,39; eta Nafarroan, %0,26.
Sailburuaren hitzetan, jarduerak nabarmen egiten du behera abuztuan, eta horrek bereziki eragiten die industriako eta zerbitzuetako sektoreei. Zenbakien arabera ere, zerbitzuetan dago langabeziarik handiena, lau lurraldeetan: 2.818 langabe daude Nafarroan, 2.074 Araban, 4.304 Bizkaian eta 2.438 Gipuzkoan.
Ez dira positiboak abuztuko datuak, baina analisi ezberdina egin daiteke duela urtebeteko datuekin alderatuz gero: iazko abuztuan baino 9.109 langabe gutxiago daude Hegoaldean, eta duela hiru urte baino 34.816 gutxiago.
Artolazabalek ohar baten bidez azpimarratu duenez, urtez urteko datu horiek "positiboak" dira, eta enplegua "guztion artean bultzatzera" konprometitu da, "enpresen, gizartearen eta erakundeen artean". Helburutzat ezarri du langabezia tasa %10 baino txikiagoa izatea.