Aurtengo uda antzua izan da sektoreko hitzarmenei dagokienez. Uztailean eta abuztuan ez da itun sektorialik egin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da albiste jada, negozioazio kolektiboaren blokeoa aspaldikoa baita.
LHKren datuen arabera, enpresa mailako 25 hitzarmen sinatu dira bi hilabete horietan, eta haiek 2.000 langile ingururen lan baldintzak finkatu dituzte. Abuztua amaitzerako 180.991 langile (%33) zeuden hiru lurraldeetan indarrean dagoen itun baten babesean. 268.679 langilek (%48,9), ordea, ultraaktibitatearen luzapenean dagoen hitzarmenen batekin zeuden. Eta beste 99.392 (%18,1) inolako itunik gabe, garai batean izan zutena galdu ondoren.
Bestalde, lan gatazkak gero eta gutxiago dira azken urtean, eta udako datuak ere beheranzko joera berretsi du. Uztailean, urte arteko alderaketan, %38 jaitsi dira grebak, eta lan egin gabeko egunen kopuruak ere behera egin du (%59); baita lanuzteetan parte hartu duten langileen kopuruak ere (%31,5).