Manuel Valls Frantziako lehen ministroak Eskuineko Errepublikanoak eta zentroko UDIk bere aurka aurkeztu duten zentsura mozioari egin beharko dio aurre. Lan kodearen erreforma bozketarik egin gabe onartu nahi du, aurreikusita bere alderdiko zenbait ordezkarik kontrako botoa eman dezaketela. Beldurrik ez diola esan du, ordea, TF1 telebista katean egin dioten elkarrizketan: "Niretzat aritmetika ez da garrantzitsuena, erreformak egiteko ahalmenak baizik".
Asteartean heldu zion Frantziako Gobernuak Konstituzioko 49.3 artikuluari bozketa saihesteko. Lehendik ere protesta asko izan dira Frantzian eta Ipar Euskal Herrian erreformaren kontra, eta azken orduetan areagotu egin dira. Zentsura mozioaren egunean ere erreformaren aurkako protesta egunera deitu dute langileen eta ikasleen hainbat sindikatuk eta gizarte taldek. Bosgarrena izango da. Garraiolariak greba mugagabera deitu dituzte CGTk eta FOk, hilaren 16tik aurrera.
Iaz onik atera zen
"Min ematen dit horrelako neurri bat hartzeak, baina ez dut egiten indarrez onartzeko, baizik eta uste dudalako testua balekoa dela". Zentsura mozioa aurrera aterako balitz, dimisioa aurkeztu beharko luke Vallsek. Gaindituko balu, ordea, erreforma Senatura bidaliko lukete, eta hortik Asanblea Nazionalera itzuliko litzateke berriro. Hor berriro erabil dezake 49.3 artikulua bozkatu ez dezaten. "Bakoitzak har ditzala bere ardurak. Ezkerreko diputatu batzuek eskuinaren mozioa babestu nahi badute, egin besterik ez dute. Baina hori da kontraesana. Horrek esan nahi du gu modernizatzen ari garen gizarte eredua ezbaian jartzen duen proiektua onartzen dutela".
Iaz Macron legea modu berean onartu ostean ere izan zuen bere kontrako zentsura mozioa Vallsek baina orduko horretan PSko inork ez zuen babestu eskuinaren ekimen hori. Izan ere, ez da lehen aldia Vallsek 49.3 artikulua erabiltzen duela. Iaz Macron legearekin egin zuen, eta orain El Khomri legegaia da bozketarik gabe onarrarazi nahi duena: zenbait sektore liberalizatzea zen iaz helburua, lan harremanak enpresara bideratzea eta kaleratzeak erraztea orain. Macron legearekin ez bezala, El Khomrirenak bai sortu du protesta giroa.
Oraingoan ez da hain ziurra iazko zentsura moziokoa gertatzea, ezkertiarrenen pazientzia agortu baitu Vallsen gobernuak. PSko batzuk "indar aurrerakoien" zentsura mozio bat bultzatzen ari dira. Beharrezko 58 sinadurak biltzen ez badituzte, eskuinaren mozioarekin bat egingo dutela iragarri baitute batzuek. Diputatu guztiak, ezker zein eskuin, mozioa bozkatzera deitu ditu Ezkerreko Fronteko Jean Luc Melenchonek, "gainbeheraren erresuma" amaitzeko.
Asanblean 40 boto falta zaizkio
Iragan astean iritsi zen lan erreforma Frantziako Asanbleara, eta berehala ikusi zuen 40 boto faltako zitzaizkiola, PSko frondeur edo suminduenak eta Martine Aubry ministro ohiaren ingurukoak. Legegaiaren onarpena 5.000 zuzenketekin trabatu nahi izan dute aurkakoek. Horien aurrean "elkarrizketarako borondate zintzoa" erakutsi dutela ziurtatu zuen atzo legeari izena eman dion Lan ministroak, Myriam El Khomrik. "Mila zuzenketa aztertu ditugu, eta herenak onartu dira", argudiatu zuen. PSko kritikoek, ordea, salatu dute benetako negoziaziorik ez dela izan.
Borondateak borondate, zenbakiek ez zuten ematen, eskuinak aurkako botoa iragarria baitzuen, CFDT eta beste sindikatu erreformistak erakartzearren, Vallsen gobernuak neurri eztabaidatuenetako bat bazterrean utzi zuelako: kaleratze masiboetan lan auzitegiei gehienezko kalte-ordainak ezartzeko aukera.
"Blokeoa gainditzeko"
Porrota usainduta, "arduraz" jokatzea erabaki du Vallsek, eta bere gobernuaren babesa jaso zuen atzo 49.3 artikulua erabiltzeko. Horren bidez, gobernuak eskumena du legegai bat bozketa egin gabe onartzeko. Trukean, Asanblearen mozio bat eragotzi edo gainditu behar du gobernuak. Ostegunean da bozkatzekoa eskuinak jarritakoa.
"Blokeoak gainditzeko eta aurrera egiteko" beharrak bultzatu du lehen ministroa bozketari izkin egitea. Haren iritziz, erreforma "ezinbestekoa" da Frantziarentzat, "herriak aurrera egin behar duelako". PSko kritikoek nahi dituzten zuzenketak onartuz gero legegaiak zentzua galduko lukeela argudiatu zuen.
Gobernuburuaren apustua da lan erreformaren kontra bozkatzeko prest ziren PSko suminduak ez direla ausartuko gobernua botako lukeen eskuinaren zentsura mozio baten alde egitera. Kalkulu hori ongi atera zitzaion iaz, Macron legearekin.