Kanadako Gobernuarekin zuzenean hitz egiteko aukera izan du gaur Paul Magnette Valoniako ministro-presidenteak. Chrystia Freeland Atzerri Merkataritzarako ministro federalarekin bildu da gaur goizean Valoniako Parlamentuaren egoitzan. Batzar horretan ere parte hartu du Europako Batzordeko ordezkari batek. Mauro Pettriccione izan da, Bruselaren izenean CETAren negoziazioak gidatu zituen funtzionarioa.
Ezezkoari eutsi dio Valoniak bilera horretan. RTBF Belgikako Irrati telebista Frankofonoaren arabera, arratsalde hasieran bukatu da batzarra. Freeland Kanadako ministroak iragarri du elkarrizketen amaiera, eta esan du negoziazioek "porrot" egin dutela.
Bilera etenda saioa hasi du eskualdeko parlamentuak CETAren egoera aztertzeko. Magnettek azaldu du negoziazioetan "jarrera irekia" aurkitu duela, baina erlojuaren aurka ari dela lanean. Hori dela eta, mandatariak eskatu du heldu den asterako iragarrita dagoen sinadura ekitaldi ofiziala atzeratzeko. Hasiera batean, Europako erakundeek eta Kanadak ez dute halakorik nahi. Aurrera egiteko "borondatea" badago, Magnetten ustez, baina ohartarazi du zailtasunek hor segitzen dutela, eta ituna bera baino gehiago dago jokoan: "Etorkizunean egingo diren alde biko itun guztiei buruz ari gara. Benetako kontua da: Zer nolako mundializazioa nahi dugu?".
Uneotan erdibideko adostasun bat lortzeko traba nagusia arbitratzeko sistema dela azaldu die parlamentariei. Auzitegi sistema horrek inbertitzaileen eta gobernuen arteko desadostasunei buruz erabaki beharko du. Epaitegi horiek Troiako zaldia bihurtuko ote diren kezkatuta dago Valonia; hau da, AEBetako konpainia multinazionalek, Kanadan dituzten filialak baliatuta, auzitan jarriko ote dituzten Europako administrazioek onartutako legedia, itunak irekiko dien arbitratzeko sistemaren bidez.
Europar Kontseiluaren amaierako agerraldian ere gaia atera da. Jean Claude Juncker Europako Batzordeak espero du "datozen egunotan" akordio bat lortzeko gai izango direla, "gaurko eguna ere kontuan hartuta". Parlamentuko saioaren ondoren jarraituko dute Valoniaren, Kanadaren eta EBren arteko negoziazioak. Hasiera batean, gaurko jarri zuen Bruselak epemuga erabakitzeko heldu den astean Kanadarekin goi bilera egingo den edo ez. Junckerrek gutun bat igorri zion atzo Magnetteri, bermeak emateko asmoz Valoniak dituen zalantza batzuei buruz.
Belgikako Gobernu federala itunaren alde dago. Charles Michel lehen ministroa Europar Kontseiluan da, eta adierazi du ez dagoela lasai egoerarekin, Valoniako Gobernuak duen jokabidea dela-eta. "Ez nago lasai uste dudalako Valoniako Gobernuaren jarrera erradikalizatu dela azken orduetan", ohartarazi du.
Hainbat herrialderen mesfidantza gainditzeko asmoz, itunari deklarazio bat atxikiko zaio, balio juridiko loteslearekin. Deklarazio horrek itunaren punturik polemikoenak argitzeko helburua du. Europako Batzordeak testu hori egokituta aurkeztu zion atzo Valoniako Gobernuari, baina aldaketak ez zaizkio nahikoak iruditu. Gaur-gaurkoz, baiezkoa emateko baldintzarik ez dagoela berretsi du Paul Magnette Valoniako ministro-presidenteak.
Beste puntu polemiko batean aurrera egin du CETAren berrespenak. Errumaniak jakinarazi du ez duela akordioa blokeatuko. Kanadako Gobernuak onartu du 2017. urtetik aurrera ez zaiela bisarik eskatuko Errumaniako biztanleei. Haatik, bisa kendu eta hiru urtera akordioa berrikusteko aukera izango du Kanadak, herrialdean legez kanpo bizi den errumaniar kopuruak hazkunde esanguratsua baldin badu. Arazo bera zuen Bulgariak, eta antzeko akordio bat lortu duela aurreratu dute Errumaniako ordezkariek.
Europako erakundeak, kezkatuta
CETA aurrera eramateko zailtasunek urduri jarri dituzte Brusela eta Europako agintariak. "Jokoan dago Europak nolako sinesgarritasuna izango duen etorkizunean merkataritza akordioak amaitzeko", ohartarazi zuen Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioak, astearteko ministro kontseilua gaia bideratzeko gai izan ez zenean.
Merkataritza alorrean hainbat itun ari da uneotan negoziatzen Europako Batzordea, estatu kideen izenean. Hego Afrika, Ekuador, Mercosur eta Japoniarekin ari da hitzarmenak aztertzen, eta, ororen gainetik, AEBekin ari da TTIP korapilatsua bideratzeko ahaleginean. Horiek guztiak arriskuan daudela ohartarazi zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko buruak, goi bilerara sartu aurretik. "CETA izan daiteke geure azken ituna, ez bagara gai jendea konbentzitzeko euren interesak babesteko lanean ari garela".
Lisboako Itunak merkataritza akordioak negoziatzeko eskumena Bruselaren esku utzi zuenetik, CETArena izan da orain arteko akordio saiorik handinahitsuena. 2009. urtean hasi zituzten bi aldeek negoziazio ofizialak, eta bost urte geroago itxi zuten akordioa. Haatik, pare bat urteko geldialdi tekniko baten ondoren, orain dator fase erabakigarria, Europako erakundeek eta herrialdeek berretsi behar baitute akordioa.
Belaunaldi berri baten lehen ituna ere izan daiteke Kanadarekin hitzartzen dena; halakoetan ohikoak diren muga zerga eta aduana kontuetatik kanpo, bestelako eduki batzuk ere sartzen baitira, hala nola elkarri estandarrak onartzea, erregulazioetan kooperatzea eta inbertitzaileen eta patenteen eskubideak indartzea.
Hala EBk nola Kanadako Gobernuak argudiatu dute edukia "aurrerakoia" dela, eta agindu dute indarrean sartzeak ez duela eraginik izango enplegua, ingurumena edo osasuna babesteko orduan, eta ez dituela zerbitzu publikoak pribatizatzera behartuko.
Kritikoek, ordea, akordioa opakutasunez landu dela salatu izan dute, eta arrisku horiek guztiak egiazkoak direla ohartarazi. Iritzi publikoan zabaldu den kezka horrek esparru publikora egin du jauzi, eta azken asteotan traba ugari jarri zaizkio sinatzeko prozedurari. Hainbat herrialderen mesfidantza gainditzeko asmoz, itunari deklarazio bat atxikiko diote, balio juridiko loteslea izango duena.
Tramitazioak aurrera eginez gero, datorren ostegunean sinatuko dute CETA, EBk eta Kanadak egingo duten goi bileran. Ondoren testua Europako Parlamentuaren esku geratuko da. Gabonen aurretik espero da bozkatzea. Baiezkoa gailenduz gero, itunaren parte bat indarrean sartuko da behin-behinean urte berriarekin. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak muga zehatzak ezarri dizkio ezarpen horri, eta bakarrik EBrenak diren eskumenetan ezar daitekeela ohartarazi du.