Ontziolak

Van Oord armadoreak hilabete dauka bankuei 'Vox Alexia' dragaren hezurdura erosteko

Navalen jarduerari eusteko asmoz, bihar armadoreak, ontziolak eta konkurtso administratzaileak erosketa eskaintza bateratua egingo diete bankuei

Sestaoko Naval ontziola, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 23a
17:49
Entzun

Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolaren etorkizuna argitzeko hilabete erabakigarria hasi da gaur, langile batzordeko iturriek azaldu dutenez. Ontziolako nasan dagoen ontzi bakarraren jabeak, Van Oord armadoreak bermeak itzultzeko eskatu dizkie bankuei —Bankia, Santander, Caixa, Sabadell, Kutxabank eta Rural Kutxari—. Eskari ofizial horrek ekainaren 23ra arteko epea ireki du, bankuek 42 milioi euro itzuli diezaioten.  

Izan ere, Van Oordek, zazpi hilabetez bankuekin finantzaketa birnegoziatzeko ahaleginetan ibili eta gero, Vox Alexia eraikitzeko kontratua hautsi zuen Navalekin joan den ostegunean. Ontziolak kontratuko baldintzak hautsi ditu —hartzekodunen konkurtsoan dago, eta ez ditu bete hitzartutako entregatze epeak—, eta, beraz, bankuak behartuta daude armadoreari bermeak bueltatzera.

Baina hori ez da aukera bakarra. Badago beste aukera bat ere, Navali eta armadoreari gehiago interesatzen zaiena, eta bankuentzat ere onuragarriagoa izan daitekeena. Behin kontratua etenda, Vox Alexia-ren hezurdura sei bankuek osatutako taldearena da. Bada, bihar kroskoa erosteko eskaintza bateratua egingo diote bankuei armadoreak, ontziolak eta konkurtso administratzaileak. Hilabete izango dute salmenta hori negoziatzeko eta prezioa zehazteko.

Bigarren bidea aukeratuz gero, armadoreak lortuko luke ontzia amaitzea, eta, ziurrenik, hasiera batean baino merkeago; bankuek lortuko lukete 42 milioi baino gutxiago galtzea; eta Navalek hogei hilabetez jarduerari eustea, hartara, denbora irabaziz ontziola bereganatuko lukeen inbertitzaile bat erakartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.