Vascofar kooperatiba farmazeutikoak lana erregulatzeko txosten bat aurkeztu du gaur, 44 langile kaleratzeko. Orain arte enpresak zuen akordioa bertan behera utzi eta estatuak zehazten dituen oinarriak aplikatuko zituztela adierazi zuten buruek. LAB sindikatuak azaldu du Vascofarrek uztailean proposamen bat aurkeztu zuela. Bertan zehazten omen zuen 56 urtetik gorakoen kotizazio oinarriak mantenduko zituela, soldata %40 jaitsiko zuela eta 100 lanordu gehituko zituela. LABek dio proposamenari uko egin ziola, eskubideak nabarmen urratzen zirelako eta gainera neurria diskriminatzailea zelako.
LAB sindikatuak salatu du gaur aurkeztutako txostenak orain arteko bileretako "xantaia eta inposizio sistema" bera mantetzen jarraitzen duela. Langileen protestei "kasurik ez" egiteaz gain, orain arte Vascofarren lortutako guztia bertan behera uzten duela azaldu dute.