Volkswagen auto ekoizlea bere iruzurra ordaintzen hasi da. Pauso erabakigarria eman du eskandaluaren ondorioei aurre egiteko; bai, behintzat, AEBetan. Alemaniako Die Welt kazetak berri eman duenez, AEBetan kaltetutako bakoitzari 4.400 euroko (5.000 dolar) kalte-ordainak ematea adostu du Wolfsburgeko etxeak herrialde horretako agintariekin. Eskandalua estali, eta helegite kolektibo bati bidea itxi nahi dio hala. AEBetako Ingurumenaren agentziak 600.000 ibilgailuren emisioak faltsutzea leporatua dio Volkswageni.
Trukatutako motorren konponketa gastuak ere bere gain hartuko ditu Alemaniako konpainiak. Erabaki horrek, baina, ez du iruzurraren tamaina arinduko. Bidegurutzean da auto ekoizlea, epaiketa saihestu nahi badu trukatutako motorrak dituzten autoak AEBetako errepideetatik ateratzeko proposamen zehatzak aurkeztu beharko baitio gaur bertan AEBetako Auzitegiari. Halakorik ezean, udan Volkswagenen aurkako auzibidea irekitzeko mehatxua egina dio.
Irailean eskandalua azaleratu eta beherala, Frankfurteko burtsan %20raino apaldu ziren VWren akzioak, eta burtsa osoa beherantz bultzatu zuen eskandaluak. Hilabeteak igarota, halere, egoerak egonkortzera jo du Alemaniako taldearen mesederako: Volkswagenen akzioak %6,6 igo ziren atzo Frankfurten, eta %4an ekin diote gaurko egunari.