Europako Batzordeak hamar egun eman zizkion iragan astean Volkswageni CO2 isuriekin egindako iruzur berriak zenbat autori eragiten dien azaltzeko, eta Wolsfburgeko konpainia hasia da argitzen zein modelo eta markatakoak diren. Alemaniako taldeak jakinarazi duenez, 2016an merkaturatu beharreko 430.000 ibilgailuk urratzen dute gutxienez karbono dioxidoen emisioen araudia, ez NOx isuriena, legez zehaztutako muga gainditzen dutelakoan. Autogileak kalkulatu du horrek 2.000 milioi euroko galerak ekar diezaiokeela.
Litekeena da, halere, eskandaluaren puxika gehiago puztea hurrengo egunetan, konpainiak aitortua baitu 800.000 ibilgailu dieselek dituztela irregulartasunak CO2 gasekin. Volkswagenen isurien auziak, gainera, beste auto marka batzuetara egin du salto. Hasiera batean, eskandaluak gama altuko autoei eragingo liekeela onartu zuen Wolsfburgeko konpainiak; VW, Audi eta Porche markakoei, bereziki.
Azkenean, baina, Audi, Seat eta Skoda auto ekoizleen zenbait modelo zipriztindu ditu auziak, Alemaniako taldearen esanetan: Audi A1, Seat Ibiza, Seat Toledo, Seat Leon, Skoda Fabia, Fabia Combi, Rapid Spaceback, Rapid, Yeti eta Skoda Octavia dira, besteak beste, CO2 gehiegi jaurti eta araudia urratzen dutenak.