Iruñeko Landaben industrialdeko Volkswageneko langileek onartu egin dute UGTk, CCOOk eta Confederacion de Cuadros sindikatuek enpresarekin hitzarmena berritzeko egin zuten akordiorako oinarria. Lantegiko 4.291 langileetatik erdiek eman dute aldeko botoa, 2.274k.
Kontsulta goizaldeko 03:30ean amaitu da, gaueko txandan lan egin duten langileek botoa eman dutenean, eta normal-normal egin da. 3.638 langilek eman dute botoa (%85ek), eta horien artean %62k babestu dute akordiorako oinarria. Hitzarmen berria bost urterako izango da. Urtean 215 lanegun izango dituzte.
Jose Luis Manias (UGT) langile batzordeko presidentearen hitzetan, hitzarmena aurrera eramatea ahalegin handia izango da, "erronka bat", zehaztu duenez akordiorako oinarrian jaso dituzten "zenbait puntu" garatzea zaila izango delako, besteak beste, erretiro aurreratuak eta soldata igoerak.
Hitzarmenean jaso dutenez, soldata finkoan zein aldagarrian aurreko urteko KPIa igoko da urtero, eta horri diru sari bat gehituko diote, ekoiztutako auto kopuruaren araberakoa.