Industria

VW astelehenean itzuliko da lanera, eta eskaeraren arabera egokituko du ekoizpena

Enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena urte bukaerara arte luzatzea adostu dute zuzendaritzak eta langile batzordeak 

Volkswagenek Iruñean duen fabrika. IÑIGO URIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 24a
18:14
Entzun

Volkswagenek Iruñean duen fabrikak urte amaierara arte jarraituko lan erregulazioan. Zuzendaritzak eta langile batzordea osatzen duten sindikatuen gehiengoak adosturiko erabakia da. Langileak astelehenean itzuliko dira lanera COVID-19ak ekoizpenean eragindako etenaren ondoren, baina oraindik ez dakite zer neurritan izango den. Enpresak badaki aurten auto gutxiago ekoitziko dituela, eta eskaeraren arabera joango da lantaldea eta langileen jarduna egokituz.

Iazko urte onaren ondoren —78 milioi euroren irabaziak izan zituen, 2018an baino hamahiru gehiago—, VW neurriak hartzen hasia da koronabirusaren krisiak ekarriko duen atzeraldirako. Iaz 320,000 auto ekoitzi zituzten Landabenen; aurten, berriz, 253.000 izango dira asko jota, enpresako Alemaniako buruek hala erabakita. Aurreikuspen horrekin aurkeztu zuen erregulazio txostena martxoaren 15ean, eta indarrean jarraituko du abenduaren 31ra arte. Sindikatuek ere egoera ulertu dutela dirudi, haiekin adosturiko erabakia izan baita. Langile batzordearen %ñ2k babestu du neurria. UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk onartu dute; ez, ordea LABek eta CGTk. 

Zuzendaritzak ez daki noiz iritsiko diren hiru txandako erritmo osoko lanera, eta beharren arabera joango da lantaldea egokituz. Langileen egoera arintzeko, eta langabezia ordainsariak atzeratu daitezkeela ikusita, enpresak, sindikatuek hala eskatuta, udako soldata bereziko 500 euro aurreratu, eta apirileko nominan sartuko dizkie langileei. Osasun baldintzei dagokienez, aspaldi egin zuten akordioa. Besteak beste, maskara eta eskularru pare bana emango diete langileei eguneko, tenperatura neurtuko diete sartzean, eta enpresan arropa gehiago garbituko dute. Era berean, 55 urtetik gorako langileak ez dira ariko lehen lanegunetan. 
 

Mercedesek %18 jaitsiko du ekoizpena
Mercedesek Gasteizen duen fabrikako langileak ere astelehenean itzuliko dira plantara, eta, zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi dienez, aurtengo ekoizpen aurreikuspenak %18 murriztu ditu. Aurreikuspena 159.000 furgoneta egitea zen, eta azkenean 130.000 inguru izango dira. Sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko talka nagusia, baina, laneko osasun baldintzak dira. Batzordearen ustez, neurri horiekin ekoizpen kopuru eta erritmoak aldatu beharko lirateke, ez delako erraza lana egitea. Akordiorik ez egon arren, sindikatuek aurreratu dute ez dutela ekoizpena oztopatuko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.