Espero baino auto gutxiago egingo ditu aurten Iruñeko Volkswagenek. Hori dela eta, obra kontratuarekin ari ziren 263 langileri lanera gehiago ez joateko agindu die. 362.128 auto ekoiztea zen asmoa, baina azkenean 353.508 egingo ditu, 8.620 gutxiago beraz. Alabaina, kopuru hori ere inoizko handiena dela nabarmendu du autogileak, eta ez dagoela «alarmarako» arrazoirik dio .
Irailaren 23an, enpresak eta zuzendaritzak lan egutegia aurreikuspen jaitsiera horretara egokitzeko neurriak adostu zituzten. Besteak beste, derrigorrean lan egin beharreko larunbatak kentzea erabaki zuen enpresak, eta laneguntzat jarritako zubiak ere jai ematea. Egun horietan lan egiteagatik zegozkien atseden egunak osatzeko, enpresak aldi baterako langileak zituen kontratatuta. Bilera hartan ez zuen zehaztu zer gertatuko zen behin-behineko langile horiekin.
Jose Luis Manias langile batzordeko presidenteak azaldu duenez, astelehenean jakinarazi zien zuzendaritzak bota egingo zituela aldi baterako langile horiek.Egun horretan bertan amaitu zitzaien kontratua 247ri, eta gainerako 16ei bihar bukatuko zaie. Gutun bidez jakin dute ez zaiela kontratua berrituko. «Abisu zantzuak bazeuden eta azkenean murrizketak etorri dira», adierazi du Maniasek. Hala eta guztiz ere, zuzendaritzak bezala, ekoizpena inoizko handiena izango dela nabarmendudu.
Azken urteetan jende asko kontratatu du Volkswagenek. Euskal Herriko enpresarik handiena da langile kopuruan. 5.600 ditu, horietatik 1.500 aldi baterakoak. Maniasen arabera, finkatuta duten programak bere horretan jarraitzen badu, urte amaitzerako kontratu finkoa egingo zaie 300 langileri. Enpresaren egoeraz galdetuta, auto salmenten jaitsierarekin kezkatuta daudela azaldu du langile batzordeko presidenteak. ACEA Europako autogileen elkarteak emandako datuen arabera, salmentak hobeak lortzen ari den bakarretakoa da VW.
VWk kalean utzi ditu aldi baterako 263 langile
Aurten uste baino 8.620 auto gutxiago egingo ditu, eta lan egutegia aldatzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu