Badira bi urte Facebookek Whatsapp erosi zuela, 19.000 milioi dolarren truke. Orain, berriz, bere adar horren pribatutasun politikak aldatuko dituela iragarri du Mark Zuckerbergen sare sozialak; betiere, "elkarlana errazteko" helburuarekin. "Facebooken adarra izanik, datozen hilabeteetan informazioa partekatzen hasiko gara. Politika hau ohikoa da beste batzuen jabetza bihurtzen diren konpainietan", azaldu du Whatsappek komunikatu batean.
Mezularitza enpresako telefono zenbakiak izango ditu eskura Facebookek. Horretaz gain, baina, baita Whatsappen erabiltzaileek zerbitzua erabiltzen duten maiztasunari buruzko informazioa eta azken aldiz konektatu ziren uneari buruzkoa ere. Baina informazio hori, Facebookek ez ezik, enpresaren jabetza diren beste konpainia batzuek ere erabili ahal izango dute; besteak beste, Instagramek —2012an erosi zuen hori Zuckerbergen konpainiak–.
Dena den, Whatsappeko arduradunek nabarmendu dute "oraingoz" ez dutela bestelako informaziorik partekatuko, eta ez dituztela erabiltzaileen mezuak gordeko: "Zerbitzu independente gisa jarraituko dugu lanean".