Xalbador salbatzen

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Antsoaingo euskaltegiaren kasuan lez, Xalbador salbatu nahia izan zen atzo: sarri gure indizeen salbatzaile izandako Wall Street salbatu nahi izan zuten gure indizeek. Europan berde beltza nagusi izan zen, inbertsiogileek Europako mozkinengan esperantza balute lez, euroaren indarra gorabehera: CAC-40 (+%0,56), Dax (+%1,07), Eurostoxx (+%0,87) nahiz Bilbao-2000 (+%1,97) lekuko. Aldiz, AEBetan zor publiko hazkorrak eta dolarrak ekoizteak bi ondorio izan ditzake: inflazioa eta zor horren interes tasen handitzea. Atzerritarren kapitala erakartzeko, interes tasa altuagoen beharra, alegia. AEBetako 10 urterako zorren enkanteko emaitza kaskarrek (%3,99ko interesa ordaintzen dute) eta petrolioaren garestitzeak akzioen salmenta eragin zuen. Bete ezin daitezkeen baldintzak ezin eska daitezke: burtsak ezin du ekonomia erreala bultzatu, atzekoz aurrera behar du. Eta martxoko minimotik %39 egin du gora S&P-500 indizeak, oinarri handirik gabe, korrika.



Telefonicaren (+%0,52) zuzendaritzako bi mila lagun inguruk 100 milioiren akzioak banatuko dituzte euren artean, ekaina amaieran. Batez beste 50.000 euroren akzioak, kapitalizazio eta dibidenduetan azken hiru urteetan lehiakideak baino emaitza hobeak izanez gero. Kontua da zuzendaritzak berak proposatu ohi dituela emaitzak neurtzeko metrika, eta, finean, berori dela joko horren onuradun. Ehunka mila akziodunen txanponak enpresaren gidari direnek patrikaratuko dituzte, kontrolerako aukera murritzez eta enplegatu guztien lanaz baliatuz. Zilegi ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.