"Enpresa hitzarmena ez aplikatuz langileen baldintzak nahieran errotik aldatzeko", Gerdau Azkoitiko zuzendaritza "xantaian eta presio gogorrean" dabil, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez. Enpresa hitzarmen hori bera berritzeko negoziazioen prozesuan sartu dute enpresaren jarrera sindikatuek. "Apiril aldera hasi ziren negoziazioak; lehenengo egunetik, zuzendaritzak ez du jarrerarik aldatu: soldatak %10 jaitsi, urteko lanaldia 48 ordu igo, antzinatasuna izoztu, malgutasuna handiagotu, gaixoaldien osagarriak jaitsi eta mutualitateen erreforma erabiltzeko asmoa du". Jarrera hori "onartezina" da, sindikatuen ustez.
Baldintza horietan eta lau bilera egin ondoren, aurreko hilean aldeak urrun zeuden oraindik, eta, uztailaren 31 baino lehen ez bazen akordiorik lortzen, "neurri latz eta drastikoak hartzeko mehatxu garbia egin zuen zuzendaritzak". Bai eta mehatxua bete ere; hilaren 9an, "langileen baldintzak aldatu nahi dituen prozedura bat martxan jarri du enpresak, eta ez du aplikatu nahi berritzeko dagoen enpresa hitzarmena. Aldaketa handiak egin nahi ditu zuzendaritzak: "soldatak %12 jaitsi, 80 ordu gehiagoko lanaldia, malgutasun handiagoa, antzinatasuna, eta jaiegunen plusa eta autobus zerbitzua kentzeko asmoa adierazi dute".
ELAk eta LABek diote langileak "beldurtu eta estutu" nahi dituztela, enpresaren hasierako proposamena onar dezaten, eta "zuzendaritzak bere kabuz neurri latzagoak hartuko dituela mehatxu eginda". "Multinazional honek langileak zenbaki soiltzat hartzen ditu, eta, horrez gain, esklabo gisa erabili nahi ditu, eta horren atzean plan krudel bat besterik ez dago, gu guztion izerdi eta odolaren bitartez errentagarritasuna handitzeko".
COO, UGT eta LSB sindikatuak ere gogor salatu dituzte, negoziazio prozesuan erakutsi duten jarrera dela eta. "Zuzendaritzaren txotxongilo bilakatu dira, langileen ordezkari izateari utzi eta haien batasuna hautsita".