ekonomia

YPF auziaz eztabaidatuko dute gaur Europako Parlamentuan

Gaur arratsaldeko osoko bilkuran ariko dira gaiaz. Parlamentuko alderdiak testu bateratu bat prestatzen ari dira, eta ostiralean bozkatuko dute.

2012ko apirilaren 18a
13:58
Entzun

Europako Parlamentuan gaur arratsaldeko osoko bilkuran YPFren auziaz eztabaidatuko dute. Europako Alderdi Popularreko Joseph Daulek eskatuta hartu dute erabakia, Cristina Fernandez Argentinako presidenteak YPF petrolio konpainiaren %51 desjabetuko zuela iragarri ondoren.

Europako Batasunetik kanpoko Europako inbertsioen segurtasun juridikoagatik izenburua eman diote eztabaidari. 

Europako Parlamentuko alderdi politikoak Europako inbertsioen aldeko ebazpen bat prestatzen ari dira. Dagoeneko hasi dira argitara emango duten testuaz hitz egiten, eta ostiralean bozkatuko dute.

Ebazpen horretan, Parlamentuak ohartaraziko du YPFren desjabetzeak ondorioak izango dituela Argentinak Europako Batasunarekin dituen harremanetan, baita Mercosur-ekin zabalik duen negoziazioetan ere.

Parlamentuak Europako Batzordeari eskatuko dio auzia G-20 taldearen aurrera eramateko, baita Munduko merkataritza erakundearen aurrera ere.

Repsolek gutxienez 8.000 milioi exijitu zizkion atzo Argentinako Gobernuari, baina Axel Kicillof Ekonomia ministrorde eta konpainiaren administratzaile berriak ziurtzat jo zuen 8.000 milioi baino gutxiago izango direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.