Zabaletak dio Gipuzkoakoa ez dela laguntza berria

Laguntza kudeatzeko ardura enplegu zerbitzu publikoak izan behar lukeela uste du, eta ez gizarte zerbitzuek

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak kritikatu egin du diru sarrerarik ez duten herritarrei laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak herenegun iragarritako laguntza ekonomikoa —diru sarrerak bermatzeko laguntza—. Diputazioak laguntza berri gisa azaldu duela baina ez dela berria esan du Zabaletak; lehendik ere indarrean dagoela, alegia.

Sailburuak argitu du Gipuzkoako Diputazioaren gizarteratzeari buruzko 20/2009 foru dekretuak laguntzak jasotzen dituela Lanbideren diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzat. «Horrek esan nahi du gizarte laguntzak ez direla diru sarrerak bermatzeko errentarekin amaitzen, ez lehen eta ez orain. Beraz, iragarritakoa Gipuzkoako Aldundiak jadanik ezarrita zeukan diru laguntza bat baino ez da».

Laguntza hori kudeatzeko ardura udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuei ematea ere okerra dela uste du Zabaletak, «gizarte laguntzek enplegu zerbitzuei lotuta egon behar dutelako», Europako iparraldeko herrialdeetako ereduari jarraiki. Suedia, Finlandia eta Danimarka jarri ditu adibidetzat. «Izan ere, diru sarrerak bermatzeko errenta moduko laguntzak ezin dira betiko aterpea izan, gizarte babesa baizik, baina hartzaileari laguntzatik irteteko tresnak eman behar dizkio». Horregatik, uste du Gipuzkoako Diputazioak iragarritako laguntza ez dela nahikoa, enplegu aktibaziorako baliabiderik ematen ez duelako.

Laguntzaren kudeaketa udal zerbitzuen gain lagatzeak zerbitzu horien lan karga nabarmen handituko lukeela ere adierazi du sailburuak, eta horrek beste betebehar batzuk baztertzera behartuko lituzkeela, gizartea laguntzeko zereginean atzerapausoa litzatekeela. Irtenbide gisa, diputazioan laguntza hori kudeatzeko leihatila bat sortzea proposatu du Zabaletak.

Dena dela, Lan sailburuak laguntza horri baino kritika gogorragoak egin dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei eurei, laguntza hori iragartzeko agerraldian erakutsi zuten jarreragatik. Zabaletaren esanetan, «laguntza bat iragartzeko ez dago Lanbideko 800 langileen kudeaketa gutxietsi beharrik». Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak aurkeztu zuten laguntza jendaurrean.

Laguntza berria enplegu zerbitzuak kudeatu behar lukeela esanda nahasmena besterik ez duela eragiten erantzun dio Rodriguezek Zabaletari, Eusko Jaurlaritzak berak gogortu zituelako diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak, gutxieneko erroldatze aldia urtebetetik hirura igota. Sei hilabetez Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egotea nahikoa izango da uztailetik aurrera diputazioaren laguntza berria jaso ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.