Eusko Jaurlaritzak deituta, Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaia izan da gaur. Lana eta familia bateragarri egiteko neurriei eta alarma egoera amaitu ondoren osasuna zaintzeko neurriei buruzko proposamena izan dute eztabaidagai Jaurlaritzak eta sindikatuek. Ordezkaritzaren gutxiengoarekin sinatu du akordioa gobernuak, ELAk salatu duenez, «azkeneko unean eta arau demokratiko oinarrizkoenei muzin eginez». «Kutsu propagandistikoa» izan duen deialdi eta proposamena izan dela dio sindikatuak, eta egin dituen proposamenei erantzun ere ez diela egin administrazioak. «Langile guztien osasuna bermatzeko neurri guztiak hartzen ez diren bitartean lanean telematikoki jarduteko aukera izatea» eskatu du ELAk. Beste zerbait adostu dute mahaian, ordea.
Akordio horren arabera, adingabeak zaintzeko nahitaezko betebeharrengatik baimena duten langileen egoera luzatuko da ikasturtea hasi arte. Gainera, mendekotasuna duten adinekoak beren kargu (eta berekin bizitzen) dituzten langileen egoerak bere horretan jarraituko du irailaren 7ra arte. 07:30etik aurrera lanera sartzeko aukera irailaren 27ra arte luzatuko da, era berean, eta zaurgarritzat sailkatutako 3. eta 4. mailetako langileek aurrez aurrekoak ez diren lanetan jarraitzeko aukera izango dute irailaren 7ra arte. Dena den, Prebentzio Zerbitzuak edozein unetan berrikusi ahal izango du sailkapen horren egokitasuna. Bestalde, zaintza beharrei erantzun ahal izateko, halabeharrez eskatutako baimen eta opor eskariak aldatu edo egokitu ahal izango dituzte langileek, eta telelana deialdiaren arabera adjudikatua duten langileek telelanean jarraitu ahal izango dute deialdi berria indarrean sartu arte.
ELAren ustez, agerian geratu da «azken unean idatzitako proposamen bat izan dela, Madrilgo gobernuak adostu dituen edukiei jarraikiz». Hala, nahiz eta aurkeztutako proposamenaren edukiak «beharrezkotzat» jo, sindikatuak uste du badirela oraindik osasun baldintzak bermatuta ez edukita ere presentzialki lan egitera behartuta dauden langileak; «horiei ez die proposamen honek konponbiderik eskaintzen».