Zama lanen liberalizazio dekretuak aurrera egin ostean, euren lanpostuak arriskuan dituztela salatzen dute zamaketariek, Espainiako portuetako Anesco patronalak ez dielako subrogaziorik bermatzen. Garantia hori lortzeko greba beste irtenbiderik ez zaiela geratzen diote, eta horrela, astelehenean egin zuten moduan, gaur ere greban daude hainbat portuetako zamaketariak, ordu bakoitietan geldialdiak eginez.
Langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioak etenda daude, zamaketarien sindikatuak "engainatuak" izan zirela salatu ostean. Patronalak, berriz, greba utzi eta negoziaketara itzultzeko deia egin zien atzo langileei. Anescoren ustez, legez deitutako grebez gain, zamaketariak "berariazko eraginkortasun jaitsierak" egiten ari dira "presioa areagotzeko.
Greba deitu duten sindikatuen arabera, —CETM, UGT, ELA, LAB eta Kaia BES— Bilboko portuko lehen txandako ia 200 zamaketariak gelditu dira goizeko bederatzitatik hamarretara, eta tartea baliatu dute Santurtzin, portuko instalazioen atarian, elkarretaratzea egiteko Zamaketariak borrokan pankartarekin. Pasaian, berriz, manifestazioa zuten egitekoa portuan zehar. Sindikatuen arabera, gutxieneko zerbitzuak behar bezala betetzen ari dira.
Ostiralerako deitu dute ordu bakoitietako hurrengo greba eguna, eta ondoren, ekainaren 9, 19, 21 eta 23rako. Ekainaren 14rako, hori bai, deialdia etenik gabeko 48 orduko greba baterako da.