Egitura

Zapalduko ote dute azkenean?

Gutxieneko zerbitzuen legea prestatzen hasi dira. Sindikatuek eta epaileek ez dute begi onez ikusten, greba eskubidea bera "arriskuan" egon daitekeen beldur.

jarraia86331.jpg
xabier martin
2013ko abenduaren 1a
15:21
Entzun

Madrilgo zaborraren grebak eman dio aitzakia. Mariano Rajoyk bere aurrekoek egin ez dutena egitera doala iragarri du: greba eskubidean esku hartu. Gutxieneko zerbitzuak arautzeko legea prestatzen hasteko «agindua» eman du, «greba eskubidea eta herritarren eskubideak bateragarri egiteko». The Financial Times, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Wall Street Journal, Le Monde eta nazioarteko beste hainbat hedabidek Ana Botella Madrilgo alkateari marraztutako margolanak Genovako estoldak trabatu ditu, eta ez eraikina zaharberritu ez delako —diru beltzez, Ruz epailearen susmotan—. Espainia marka hondakinen artean berriro: «Zaborraren hiriburua»; «Kaos higuingarria»; «Zabor uholdea». Eta hori gutxi balitz, sindikatuak garaile grebaren desafioan. Erantzun azkarra etorri da, baina, Moncloako maizterraren aldetik, Jose Maria Aznarrek berak ere egin ez zuen urratsa egite aldera: «Gutxieneko zerbitzuak arautzearen aldekoa naiz; aztertzen hasteko agindu dut».

Rajoyk jarritako haziak zer bide egingo duen ikustea falta den arren, ELAk ez dio usain onik hartzen. «Eskubideak murrizteko bidean eman nahi duten beste pauso bat da», dio Joseba Villareal sindikatuko negoziazio kolektiborako arduradunak. «Patronalak eskatutako beste enkargu bat da, finean. Madrilgo kontuarekin harilkatuz eta demagogia handia eginez, greba eskubidea indarrik gabe uzteko».

Hori da sindikatuen artean eta, oro har, gizarteko sektore ezkertiarretan zabaldu den beldurra, orain urrun entzun den kanpai hotsa ez ote den alarma sirena ozena bihurtuko hilabete batzuen buruan, Espainiako Konstituzioan jasotako greba eskubideari dagokionez. «Gutxieneko zerbitzuen ordez gehienezkoak inposatzen badituzte, greba egiteak ez du zentzurik izango. Hori da patronalak nahi duena, grebaren eragina zapuztea». Oraindik ere grebak bai baititu eraginak langileen aldarrikapenak gauzatzeko. Gipuzkoako egoitzen grebari erreparatzea baino ez dago. Maiatzaren 13an abiatu zen, eta gehienek lortu dute akordioa, erreformaren alde kaltegarrienak baztertuta. Berra, San Ignacio eta Villasacramento falta dira. Hango langileek lanuztean jarraitzen dute.

Gutxieneko gehiegi
Greba eskubidea eta gutxieneko zerbitzuak 1977ko dekretu baten bidez arautzen dira Espainian. Frankismo garaikoa izanagatik, ez da sekula ukitu; horretarako beharrik ez dela uste izan dute orain arteko gobernu guztiek. Rajoyk ez. «1981ean konstituzioaren galbahea pasa zuen Frankismoaren garaiko dekretu hark», azaldu du Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte arloko lehendakariak. «Greba eskubidea konstituzioak jasotzen du, eta 1981eko eranskin horrek dio eskubide hori bermatu beharko duela arloa arautzeko egiten den edozein legek. Alegia, ez du esaten egin behar dela, eta, beraz, ez da beharrezkoa».

1995ean egon zen saio bat gutxieneko zerbitzuak arautzeko lege bat egiteko Felipe Gonzalezen eskutik; «baina gorteak desegin zituen aurrera egin aurretik», dio Biurrun epaileak. «Oroitzen naiz epaileei greba eskubidea debekatuko ziela, baina ez zen inora heldu». Eta, ordutik, ez da berriro inor saiatu.

Haatik, LABek ez du uste «beroaldi baten ondorio» denik orain Rajoyk gaiari heltzea, «estrategia landu baten emaitza baizik». Garbiñe Aranburu negozio kolektiboko arduradunak dio «aspaldikoa» dela greba eskubidea ahultzeko «mehatxua». «Orain arte ausartu ez diren arren, ematen du horretara doazela. Gutxieneko zerbitzuak beste modu batean arautuz, greba eskubideari egingo diote eraso berriro».

Izan ere, sindikatuak ez daude ados erakunde publikoek dekretuen bidez inposatzen dituzten gutxieneko zerbitzuekin. Epaitegiek sarritan aintzat hartu dituzte sindikatuen helegiteak, baina greba pasata dagoenean iristen dira ebazpenak. «Egia da ebazpen asko daudela finkatutako gutxieneko zerbitzuak atzera bota dituztenak», esan du Biurrunek. Kontua da epai horiek greba eguna pasatu eta gero iristen direla normalean.

«Egungo legearekin ere gehiegikeriak egiten dituzte gobernuek gutxieneko zerbitzuak finkatzean. Praktikan milaka langile greba egiteko eskubiderik gabe geratzea dakar horrek», dio LABeko sindikalista Aranburuk. Salaketa horretan sakontzen du ELAko kide Joseba Villarealek. «Gainera, gertatzen da epaileek esandakoari muzin egin eta berriro maila bereko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituztela hurrengo greban, bai Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak, jakinda neurrigabeak direla».

Enpresa pribatuan?

Madrilgo zabor biltzaileen greba PPren ekinbide berriaren detonagailu izan ala ez, bistakoa da lan gatazken kopuruak izugarri egin duela gora azken hilabeteetan, eta greben kopurua ere gatazka kopuruarekin bat igo dela. Precoren bitartekaritzara iritsitako gatazka kolektiboak %832 igo dira uztailaren 7tik, erreformaren arabera iraungitako itunen amaieraren lurrikaratik, alegia, eta %1.951 handitu da, halaber, gatazka horiek eragindako langileen kopurua. Nanuk, Perot, Azpeitiko Corrugados, Inasa, Incoesa, Troquenor, Alfus-FCC, Lasaoko Corrugados... Iaz bezala, greba luzeak egon dira aurten ere, emaitza desberdinekin. Une hauetan ez dira gutxi lanuztea egiteko eskubidea baliatzen ari direnak, Irun eta Urnietako IAT zentroetako langileak, esaterako. Bost hilabete eta erdi egin dituzte jada greban. Sektore publikoan ere, batik bat hezkuntzan eta osasun arloan, murrizketen aurkako borrokak eraginak izaten ditu aldiro.

Bete gabeko promesek eta gezur argiek zamatzen duten gobernantzak erantzun zabala izan du PPren bi urteko agintaldian, eta erantzun hori apaldu beharrean hauspotu egin daitekeela aurreikusi du Moncloak. Ez da zaila testuinguru horretan kokatzea Rajoyren azken ahalegina grebaren eraginak apaltze aldera eta, ondorioz, greba bera ahultze aldera. Galdera zaila egin du ELAko Villarealek, askoren beldurra elikatzen duen kezka: «Zeri eragingo dio lege berri horrek? Zerbitzu publikoetan egiten diren gutxieneko zerbitzuei bakarrik, edo baita enpresa pribatuei ere? Horiek gai dira lehiakortasunaren izenean lege berria nahi beste zabaltzeko».

LABeko Aranburuk ere ikusten du arrisku hori, «geroz eta gehiago» ari direlako zabaltzen gutxieneko zerbitzuen esparrua. «Zer da komunitatearentzat bermatu behar den gutxieneko zerbitzua eta zer ez; eztabaida hor dago. Haur eskoletan langileak egon beharra, adibidez, zerbitzu minimotzat jotzen dute, eta guretzat ez da. Industria arloan ez da gutxieneko zerbitzurik egon, eta orain geroz eta gehiagotan sartu nahi dituzte. Grebatik grebara oztopo gehiago daudela ikusi dugu aspaldi honetan. Madrildik etor daitekeenak hori guztia biribildu dezake».

«Salbuespena»

Langileen greba eskubideak enbarazu egiten die egun batetik bestera soldatapekoen lan baldintzak okerrera aldatzea bultzatu dutenei eta arau aldaketa sinatu dutenei. Gutxieneko zerbitzuak «betearazteko» lege bat bultzatzeak adierazten du arazoak daudela gutxieneko horiek betetzeko, baina errealitateak ez du hori esaten; ez du esaten «greba eskubidea eta herritarren eskubideak bateragarri egiteko» arazoak daudela, Rajoyk adierazi moduan. «Normalean betetzen dira greba bakoitzean finkatzen diren gutxieneko zerbitzuak», dio Biurrun epaileak. «Betetzen ez diren kasuak gutxi batzuk izan daitezke, salbuespenak, eta horrela hartu behar dira. Anekdota dena ez da arautu behar, salbuespen gisa akaso, baina ez lege orokor gisa».

Villareal ELAko sindikalistaren ustez, «azkenean gobernuak ere patronal dira»; «lege horren bidez lortuko lukete beraiek erabakitzea gutxieneko zerbitzuak zein mailatakoak diren eta zein eremutan bete behar diren, epaileak ariketatik aterata».

LABeko kide Aranburuk «herritarren segurtasunerako legearekin» lotzen du ekinbidea. «Protesta soziala kriminalizatu nahi dute. Eskubide sozialak eta laboralak aurrean eraman dituzte, negoziazio kolektiboa ere ezerezean utzi nahian; orain, protestatzeko eskubidea ere kendu nahi dute. Demokrazian bizi garela diote, eta honek demokraziatik geroz eta gutxiago dauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.