Zapatero: «Murrizketak bukatu dira»

Erreforma berririk ez, baina jada iragarritako pentsio sistemarena laster gauzatuko du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Gizarte murrizketa gehiago egiteko beharrik ez dela egongo eta ongizate estatua mantendu egingo dela ziurtatu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak, SER irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. «Ez da beharrik egongo; defizita murrizteko neurriak hartu genituenetik eta erreformak onartu genituenetik, gure zorrarrengan zegoen tentsioa murriztu egin da». Beraz, erreforma berririk ez du aurreikusten, baina, jada iragarrita duena, pentsio sistemarena, gauzatuko du, gutxi barru gainera.

Espainiaren zorrarekiko tentsio murriztu dela esateak, murrizketek kaltetutakoei ez diela balioko esan du Zapaterok. «Soldatak jaitsi ostean, ulertzen dut honek langile publikoak ez dituela kontsolatuko». Baina, neurri horiei esker, orain Espainiako Altxorra modu «arrazoizkoagoan» finantzatzen dela nabarmendu du, eta, ondorioz, Espainiako bankuek beren zorra saltzeko erraztasun handiagoa dutela.

Herrialdearen defizita aurreikusitako erritmoan murrizten ari dela azaldu du Zapaterok. Bainahori ez ei da lasaitzeko arrazoia. «Orain, egindako erreformetan sakontzeko garaia da», lan merkatuaren erreforman, besteak beste. Haren kontra CCOO eta UGT hilaren 29rako antolatua duten greba orokorrak «errespetua» ematen diola onartu du. «Errespetua ematen didate grebak eta haren indar sozialak. Sindikatuen iritziek garrantzi handi dute, oraingoan ados ez nagoen arren». Sindikatuek lan erreformarekiko duten jarrera ulertzen duela adierazi du. «Ez dut hainbeste ulertzen ez onartzea, besteak beste, dauzkagun langabezia tasa eta aldi baterakotasuna, egungo lan esparruak baduela zer ikustekorik errealitate horretan, eta erreformarekin gure eredua Europakora hurbilduko dela».

ELAk Agirre kritikatu du

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia krisitik atera dela iragarriz Carlos Agirre Ekonomia sailburuak egindako adierazpenak gehiegizkoak iruditu zaizkio ELA sindikatuari. Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren esanetan, azken hiruhilekoko emaitzak «anekdota bat baino ez dira». Aldiz, Agirrek okerreko irudia eman nahi duela eta emaitza onak propoganda egiteko baliatu dituela esan du. Izan ere, Muñozen esanetan, bada Aurrezki Kutxen Fundazioak (Funcas) egindako azterketa bat, bigarren hiruhilekoan berriz ekonomia atzeraldian sartuko dela dioena.

Gainera, enplegua sortzen hasteko egungo hazkunde zifrak baino askoz handiagoak behar direla adierazi du ELAko idazkari nagusiak. «Gertatzen dena da politikariek edozein zirrikitu baliatzen dutela propaganda egiteko, eta Agirre horretan ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.