ekoNOMIA

Zapaterok hilaren 16an onartuko du lan erreforma, akordioa izan edo ez

Espainiako Gobernua UGT eta CCOOrekin eta patronalarekin ari da hizketan. Presidenteak aurreratu du aldaketak "oinarrizko" arloei eragingo diela. Sindikatuek ohartarazi dute ez dutela onartuko kaleratzearen merkatzea.

2010eko ekainaren 2a
14:36
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ordubietan jakinarazi du hilaren 16an onartuko duela Ministroen Kontseiluak Espainiako Estatuko lan erreforma, enpresaburuen elkarteekin eta sindikatuekin "akordioa izan edo ez". Aitortu duenez, "zaila dago gizarte eragileekin ados jartzea", eta aurreratu du erreformak "oinarrizko" arloei eragingo diela.

Gobernua UGT eta CCOO sindikatuekin eta patronalarekin ari da hizketan, erreforma hitzartzeko asmoz. PSOE ez beste alderdiak Zapatero presionatzen ari dira proposamena aurkez dezan.

Sindikatuei eta patrolanari herenegunera arteko epea jarri zien gobernuak akordioa ixteko, baina ez zuten lortu. Dena dela, epea luzatzea erabaki zuten. Zapaterok jarri du gaur eguna: ekainak 16, asteazkena.

Sindikatuek ohartarazi dute inondik inora ez dutela onartuko kaleratzearen merkatzea. Iturri batzuen arabera, Zapatero kaleratze merkeagoa duen kontratu finkoa prestatzen ari da (33 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko), sektore guztietara zabaltzeko. Gaur egun bada kontratu mota hori emakumeentzat edo laneratze zaila duten beste sektore batzuentzat, baina gutxi baliatzen da: finkoen %15 baizik ez dira. Kaleratzearen merkatzeari greba orokor batekin erantzungo lioketela iradoki dute CCOOk eta UGTk.

Konpentsatze aldera, Espainiako Gobernua aztertzen ari da behin-behineko kontratuak mugatzeko aukera, azken urteotan asko hedatu baitira.

Ofizialki lau hilabete daramate negoziatzen Espainiako Gobernuak, CEOE eta Cepyme patronalak eta CCOO eta UGTk, baina erreforma azken bi urtean egon da mahai gainean.

Lehengo astean defizit publikoa murrizteko neurriak onartu zituen Espainiako Kongresuak, PSOEren babesarekin soilik. Ondorioz, funtzionarioen soldatak %5 murriztuko dituzte uztailetik aurrera -2011n, berriz, izoztu-, pentsioak ez dituzte igoko hurrengo urtean, haur jaioberrien laguntzarik ez da izango hurrengo urtetik, inbertsio publikoa 6.045 milioi eurotan murriztuko dute aurten eta hurrengoan... CCOOk eta UGTk sektore publikorako greba deitua dute hurrengo astearterako. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk maiatzaren 25erako deitu zuten, Hego Euskal Herri mailakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.