'Vocento' taldeko egunkariek, besteak beste, El Correo Español-ek eta =i Diario Vasco=-k, gaurko aleetan aurreratu dutenez, kupoaren auziari buruz telefonoz hitzegin zuten atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak.
Egunkari horien arabera, kupoaren inguruko eztabaidan Madrilek Jaurlaritzaren eskaerak beteko dituela hitzartu zuten atzo Zapaterok eta Ibarretxek; trukean, Espainiako Senatuan sozialistek jeltzaleen babesa jasoko dutela adostu zuten.
Atzo Zapaterorekin telefonoz kupoari buruz hitzegin zuela baieztatu du gaur goizean Ibarretxek, Radio Vitoria irrati katean egin dioten elkarrizketan, eta, halaber, esan du Espainiako presidenteak zenbait konpromiso hartu zituela. Konpromiso horiek betetzea espero duela azpimarratu du, baina, hortik aurrera, ez du zehaztu zer hitzartu zuten. "Konpromisoak ez dira haiei buruz komunikabideetan hitzegiteko, bestetzeko dira; hartutako konpromisoak betetzea baino ez dut espero, besterik gabe", argudiatu du.
2001etik liskarrean
2001. urteko kupoaren likidazioa izan zen gatazkaren abiapuntua. Urte horretan Insaludeko aurrekontuak gehitu egin ziren, osasun arloko eskumenak ez zituzten erkidegoei transferentzia egiteko. Jaurlaritzako Ogasun sailaren arabera, aurrekontu igoera horrek EAEko ordaindutako kupoa txikiagoa izatea ekarri behar zuen.
Garai hartan PPren esku zegoen Espainiako Gobernuaren arabera, ordea, osasun arloko eskuduntzak zituzten erkidegoek, hots, EAEk eta Nafarroak ez zuten konpentsazio eskubiderik, eta 2001eko kontuak 2002ko maiatzean likidatu zirela ere argudiatu zuen. Giroa gaiztotu egin zen iazko maiatzean, Jaurlaritzak kupoa ordaintzean 32 milioi euroak pagatu gabe utzita, EAEko Ogasunaren ustez hori zor baitzion Espainiakoak osasun arloko aurrekontu igoeragatik. 2003ko irailean, Espainiako Ogasunak BEZagatik eta zerga bereziengatik Gasteizkoari ordaindu beharrekotik 32 milioi horiek kendu zituen. Abenduan, Jaurlaritzako Ogasunak kupoan ordaindu beharrekotik deskontatu zituen berriz 32 milioi euroak.
Kupoa
Zapaterok kupoaren inguruan hartutako konpromisoa betetzea espero duela esan du Ibarretxek
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin kupoaren auziari buruz telefonoz mintzatu dela baieztatu du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak. Hain zuzen ere, Zapaterok elkarrizketa horretan hartutako konpromisoak betzea espero duela nabarmendu du Ibarretxek, baina ez du zehaztu nahi izan konpromiso horiek zeintzuk diren eta kupoaren inguruan zer hitzartu duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu