Zarama ez ezik, zarama ere itzuli da burtsara. Edo, gutxienez, Ibex-35 (-%3,46) 9.000 puntuen langaz gora bultzatu zuen munduaren ikuspegi arrosa amaitu da. Indarrez ibili dira indizeak azken egunetan, eta, atzo, zaramaren erdian topatu dute berriro euren burua. Bank of Americaren aurrikuspen kaskarrak izan ziren aitzakia, baina egun osoan erakutsi zuten salmentek indarra. Dena ongi dabil, okertzen den arte. Telebistentzat ere iragarkien pagotxa agortzen ari da; Telecincok (-%8,18) gaua apurtu arte egin beharko du lan, 100 milioren diru sarreren galera konpentsatzeko. 2.246 milioiren salerosketa izan zen, Zaramaren itzuleran Bermeon izandako jendetzaren pare ia. Ibex-35 tropelak 34 lagun ditu behin-behinean, eta 32 izan ziren beherantz egin zutenak, Gas Natural (=) ez zen mugitu, eta zaramatik ihesi gorantz jauzi egin zuen bakarra Iberia (+%3,03) izan zen. Santanderrek %5 pasa galdu zuen, eta Banesto, FCC, Repsol eta BBVAk %4na pasa.
Sacyr. Sacyr (-%4,05) iazko bere emaitzak berraztertzen jardun da. 176 milioiren galeren berri eman zuen arren, 256 milioirenak izan omen dira azkenean. Balantzean dituen higiezinen prezioak berraztertzean 60 milioi konserbadoreago izatea erabaki du.
Popular. Popularrek (-%3,85) bi mila milioiren zorra jaulki du, Espainiako Erresumaren abala lagun. Hiru urterako zorra jaulkitzeko, %0,83ko gainsaria ordaindu du, eta lau mila milioiren zorra erosteko beste eskari jaso ditu gainera. Inoren mahatsaz, ederra da ardoa.
Zarama itzuli da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu