Hainbat orduz Gasteizeko Zayer enpresa arakatu ostean, Espainiako Poliziak zazpi arduradun eraman ditu atxilotuta. Efe albiste agentziaren arabera industria materiala debekatutako herrialdeei saltzea leporatzen zaie, Errusia edo Iran, material horri erabilera militarra eman diezaioketelakoan.
Atxilotutako enpresaren arduradunak Polizia etxera eraman dituzte. Madrildik etorritako poliziek burutu zuten operazioa. Enpresaren miaketa bart gauean amaitu da, eta atzo arratsalden aritzekoak ziren langileek ezin izan zuten lanera sartu. Gaur goizean itzuli dira lanera langileak.
1940ko hamarkadan sortu zuten Zayer konpainia, eta makina fresagailuak eta zentro mekanizatuak ekoizten ditu. Guztira, 220 langile ditu enpresak. Atzo goizean, hainbat polizia auto eta furgoneta joan ziren konpainiaren plantara miaketa egitera. 2012an, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Korta saria eman zion bere ibilbideagatik Justo Ercilla Sagarminagari, Zayerreko sortzaileari.
2002an Irakek NBEra bidalitako armen txosteneko enpresen zerrendan agertu zen Zayer, eta Gasteizko konpainiak aitortu zuen Bagdadi makineria saldu ziola 1990. urtera arte, baina zehaztu zuen ez zekiela bere makinak programa nuklearrerako erabili zituztenik. Balbulak, turbinak eta antzeko gaiak erabilera bikoitzekoak dira; hau da, industria zibilean erabil daitezke, baina baita militarrean ere.
Zayerrek 2002an aitortu zuen fresagailuak eta erabilera orokorreko zentro mekanizatuak saldu zizkiola Iraki, baina ez zekiela haiek zer erabilera eman zieten.
Nolanahi ere, atzokoa ez litzateke lehenengo aldia izango azken urteetan euskal enpresa bat miatzen dutena, ustez Irango jardun nuklearretan erabili daitezkeen gaiak esportatzeagatik. 2012ko urte amaieraren eta 2013ko hasieraren artean, hilabete eta erdiko epean, Poliziak hiru enpresa miatu zituen: bi Amurrion (Araba) eta bat Durangon (Bizkaia). Iazko urrian, bestalde, Iranen aurkako bahimendua haustea egotzi zioten Elgoibarko Goratu makina-erreminta enpresari. Teheranen jardun nuklearrerako produktuak esportatzea egotzi zien Poliziak, baina denek ukatu zituzten karguak.
Izan ere, azken hamarkadan Iranen kontrako merkataritza bahimenduak adostu dituzte nazioarteko erakundeek, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta Europako Batasunak (EB) uste zutelako bonba atomikoa lortzeko asmoz zebilela. Baina aurtengo uztailean Iranek eta NBEk programa nuklearrari buruzko akordioa sinatu dute, eta Mendebaldeko herrialdeak Iranen kontrako bahimenduak ezabatzen hastekoak dira.
2013ko urtarrilean Amurrioko Fluvial Spain enpresari Iranera balbulak esportatzea leporatu zioten, eta salmentak estaltzeko Arabiar Emirerri Batuetako beste enpresa bat erabiltzen zuela. Amurrioko enpresak ukatu egin zuen horrelakorik, baina bi langile atxilotu zituzten. Hilabete berean, Amurrioko Lazaro Ituarte enpesa ere miatu eta salatu zuten, arrazoi beragatik. 2012ko azaroan, berriz, poliziek Durangoko ONA Electroerosion konpainia miatu zuten.