Zenbaki dantzan, ICES garaile

Aztik 28.000 tona zenbatu ditu Bizkaiko Golkoan, Ifremerrek 35.000 eta ICESek 21.000 pasatxo. Azken horren iritziak du pisurik handiena Europako Batzordearentzat, eta horregatik erabaki du debekua luzatzea berriro ere.

Miren Garate.
Donostia
2009ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Lana edukitzea bezalako loteriarik ez omen dago, galdetu bestela euskal arrantzaleei. Seguruenik zerikusi gutxi izango dute elkarrekin loteriak eta arrantzak. Patu hutsa da aurrenekoa; bigarrenean, zoriak baino eragin handiagoa dute beste faktore batzuek. Baina baduteezaugarri komun bat: zenbakien garrantzia.

Antzina gehiegikeriak egin ostean, diru premian dagoena loteriaren zain nola, hala egoten dira euskal arrantzaleak Bruselaren erabakiaren aiduru. 2005etik gertatzen da hori, uztailean. Lanerako baimena dago jokoan, hau da, Bizkaiko Golkoan antxoa arrantzatzeko aukera. 33.000 tona da arrantzaleek nahi duten zenbakia, eta balekoak dira hortik gorako guztiak ere.

Agian, ontzat eman daitezke kopuru txikiagoak ere, betiere24.000tik gora egonez gero, hori baita arrantza txikia ahalbidetzeko gutxieneko muga. Zenbaki horrek ez dauka ziurtatuta saria, baina itxaropenari atea zabaltzen dio, Europak baimena eman baitezake harrapaketak egiteko, nahiz eta kopuru txikiagoan izan.

Aurtengoan ondo hasi zen zozketa euskal arrantzaleentzat. Aztik atera zuen aurreneko zenbakia: 28.000 tona. Biomasak hobera egin duela zioen teknologia zentroak. Eta euskal arrantzaleak, gustura. Haien arabera, harrapaketek ez zuten antxoaren biomasa gutxieneko mugatik behera jaitsiaraziko, bien bitartean beraiek sos batzuk ateratzeko aukera izango zuten.

Bigarren zenbakia ere parean.Hura, Ifremer Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutuak emandakoa. 35.000 tona zenbatu zituen erakundeak. Horrek, kostera baimentzeaz gain, espeziea asko ugaldu zela ere erakusten zuen. Gainera, Bruselak esana zuen 33.000 tona baino gehiago zenbatuz gero ez zuela batere oztoporik jarriko antxoaren arrantzarako.

Baina aurreneko zenbakiek ezer gutxirako balio izaten dute azkenengoan huts eginez gero. Hori gertatu da aurten ere. ICES Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluarena zen txosten erabakigarria, hark esandakoan oinarritzen baita ia beti Europako Batzordea. Joan den astean eman zuen kopurua: 21.270 tona. Arrantza txikia ahalbidetzeko gutxieneko mugatik behera. Itxaropen guztiak amildegian behera.

ICESek esandakoa berretsi besterik ez zuen egin atzo Bruselak. Zenbakiek ezin zirela ontzat eman esan zuen. Hurrengo urtean izan beharko du. Orain, loteriarik ezean, diru laguntzen zain egon behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.