•Zer da? Europako Egonkortasun Mekanismoa da (ESM ingelesez). Merkatuetan dirua lortzeko zailtasunak dituzten euroguneko estatuei maileguak emateko tresna bat da. Erreskate funts bat, alegia. Haren aurreko EFSF ez bezala, ordea, ESM iraunkorra da.
•Zeini emango dio dirua? Hasiera batean estatuei baizik ez, baina orain finantza erakundeei ere lagundu ahal izango die. Gainera, bigarren mailako zor merkatuetan parte hartu ahal izango du —inbertitzaileen artekoetan—, estatu baten zorraren interesak jaisteko.
•Nola funtzionatuko du? Dirua edo zorra erosteko laguntza eskatzen duen estatuak memorandum of understanding (MoU) bat onartu beharko du, eta horretan zehaztuko dituzte zein baldintza bete beharko dituen diruaren truke. Defizit kopuru jakin batera iristeko konpromisoak izan daitezke, ala gastuak murrizteko edo diru sarrerak handitzeko aginduak.
•Zenbat diru du ESMk? EFSFk erabili ez duen dirua batuz gero700.000 milioi izango ditu, baina 500.000 milioi soilik utzi ahal izango ditu, bestea Grezia, Portugal eta Irlandarentzat delako. Maileguen interesak erreserba funts batera joango dira, eta betetzen denean, estatukideei itzuliko zaizkie.
•Zeinek jarriko du dirua? Estatu bakoitzak eurogunearen BPGan duen proportzioaren arabera jarriko du. Alemaniari %27 dagokio (190.000 milioi euro), Frantziari %20 (142.000 milioi), Italiari %18 (125.000 milioi), Espainiari %12 (83.000 milioi)... Maltak milioi erdi eskas jarri beharko ditu. Zati txiki bat (80.000 milioi) kapital gisa jarriko dute hurrengo bost urteotan, eta gainontzekoa kapital merkatuetan dirua biltzea ahalbidetuko duten bermeen bidez. Jarritako diruaren araberako boto eskubideak izango dituzte estatuek ESMko agintaritzan.
Zer da ESM?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu