BPG

Zerbitzu pribatuen hazkundeak ekonomia indartu du

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2,9 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan. Urte batetik bestera 19.600 lanpostu garbi sortu ziren.

Merkataritzaren, garraioaren eta ostalaritzaren hazkundea indartsuena izan zen azpisektoreen artean. Irudian, tren bat Santurtziko portuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko irailaren 8a
11:17
Entzun

Uztailean emandako aurrerapena baieztatu du Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, %0,9 hazi zen ekonomia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Motelaldiaren arrastorik gabe, bizkortu egin da hazkundea urte arteko tasan: %2,9. Sektore guztiek hobera egin dute, lehena izan ezik, baina adierazgarria izan da zerbitzuen ekarpena, bereziki pribatuena.

Datu makroekonomikoetan, behintzat, susperraldiak ez duela bultzadarik galdu islatzen dute datuek. Apiril eta ekaina bitarteko datuen xehetasunak eman ditu gaur Eustatek. Datu horien zain zegoen Eusko Jaurlaritza bere aurreikuspenak gaurkotzeko. Kalkulu zuhur batekin (%2,3) hazi zuen urtea gobernuak, baina orain %3ren bueltan egotea espero dutela esana du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Udaren joanean industriaren sektorean piztu diren arazoek erritmo horretan eraginik izan duten ikusiko da urriaren 27an. Egun horretan argitaratuko du estatistika erakundeak hirugarren hiruhilekoari dagozkion emaitzen aurrerapena.

Urte arteko tasan zerbitzuen ekarpena %3,2 handitu zen. Merkataritza, ostalaritza eta garraio zerbitzuen gorakada %3,9 izan zen, azpisektore guztien artetik indartsuena. Zerbitzu publikoak, berriz, %2,7 hazi ziren. Industriaren eta energiaren ekarpena hiru hamarren igo zen, %2,3 izateraino. Eskulangintzak emaitza sendoa izan zuen: %2,8, aurreko hiruhilekoan baino zortzi hamarren gehiago, Eraikuntzaren bultzada eskasagoa da, %2 urte batetik bestera, eta hiruhilekoen artean ez aurrera ez atzera geratu zen. Emaitza negatibo bakarra lehen sektoreak izan zuen, baina gorabehera handikoa izaten da horren ibilbidea, barne produktu gordin orokorrean pisu txikia duelako.

Barne eskaera, sendo

Eskaeraren ikuspuntutik, barne eskaerak sendo jarraitzen du. Kontsumo pribatua %3 hazi zen urte arteko tasan, eta publikoa %1,2. Inbertsioa, berriz, %2,5 handitu zen. Ekipo ondasunetan egindako inbertsioa %4 hazi zen; indartsu, baina aurreko hiruhilekoetan baino motelago. Esportazioen ekarpena handitu zen apiriletik ekainera, eta pare bat hamarren gehitu zizkion barne produktu gordinari. Espainiako Ekonomia Ministerioak aurreratu zituen datuak berretsi zituen atzo Eustatek, gainera. Urteko lehen erdian inoiz baino gehiago esportatu dute EAEko enpresek atzerrira.

Enpleguan islatu dira hazkunde datuak, halaber. Urte batetik bestera %2,2 handitu zen enplegua, lanaldi osoko lanpostu parekoetan neurtuta. Hots, urtebetean 19.600 lanpostu garbi sortu ditu ekonomiak, eta aurreko hiruhilekotik, 7.300 inguru. 2011ko azken hiruhilekoan zegoen enplegu mailara itzuli da ekonomia, horrenbestez. Susperraldi osoan bezala, zerbitzuek dute nagusitasuna enplegu horretan. Urte batetik bestera %2,3 hazi zen enplegua hirugarren sektorean, %1,9 industrian eta %1,8 eraikuntzan.

Herrialdez herrialdeko emaitzei dagokienez, urte arteko tasan hazkunde indartsuena izan zuen Arabak: %3,1. Bizkaian barne produktu gordina %2,9 handitu zen, eta %2,7 Gipuzkoan. Hiruhileko batetik bestera hazkundea %1 izan zen Araban eta Gipuzkoan, eta %0,8 Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.