GIZARTE ZERBITZUAK

Zerbitzu sozialen %90 esku pribatuek kudeatzen dituztela ohartarazi du LABek

Pribatizazioaren aurkako nazioarteko egunaren harira, irabazi asmoko enpresak gizarte zerbitzuetatik at utziko lituzkeen "sare egoki bat" aldarrikatu du sindikatu abertzaleak.

Sektore publikoaren aldeko protestak egin ditu LABek goizean. Irudian, Donostiakoa. BERRIA
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 4a
07:47
Entzun

Zerbitzu sozialen gehiengoa (%90) azpikontratatu egiten dela salatu du LABek, eta irabazi asmoko enpresak baztertuko dituen "sare egoki baten" aldeko aldarria egin du. Sindikatu abertzaleak ohartarazi du zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeak "eskubide sozialen urraketa" dakarrela. "Ildo horretan, bereziki larria da hilaren 7an, EAJ eta PSE-EEren eskutik, klausula sozialei bizkar emateko Eusko Legebiltzarrak onartuko duen klausula sozialen legea".

LABen esanetan, gizarteak geroz eta argiago du zeintzuk diren pribatizazioen benetako helburuak: "Botere ekonomikoak zerbitzu publikoen kudeaketaren jaun eta jabe izatea, negozio handiagoak egin ditzaten". Sindikatuak gogorarazi du, ordea, negozioa handitzeko aitzakiapean zerbitzu publikoetako beharginen lan baldintzak okertzen dituztela konpainiek, eta prekarizazio horrek "eragin zitala" duela gizarte laguntzen kalitatean. "Herritarrek beren zerbitzu publikoekiko kontrola galdu dute, eta eskubide sozialak murrizten hasi zaizkie", gaineratu dute sindikatuko ordezkariek.

Sektore publikoan oro ez da urre lelopean, protesta jendetsuak egin dituzte goizean Donostian, Bilbon eta Iruñean, pribatizazioaren kontrako nazioarteko egunaren karietara. Donostiako mobilizazioan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "azpikontratazio eta prekaritate politikak" errefusatu dituzte, parodia baten bidez. Bilbokoan, Urdulizko erietxea erabat publikoa izan beharko litzatekeela aldarrikatu dute. Iruñean, berriz, Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzuaren pribatizazioa gaitzetsi du sindikatuak. Europako 'per capita' errenta altuenetakoa izan arren, zerbitzu sozialetara bideratutako inbertsioa Europako apalenetakoa da Hego Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.