Makroekonomia

Zerbitzuek eta eraikuntzak sostengatu dute EAEko ekonomiaren hazkundea

Apiriletik ekainera %3,2 handitu zen barne produktu gordina, Eustatek uztailean aurreratu zuen kopurua baino bi hamarren gehiago; 16.000 lanpostu garbi sortu dira urte batetik bestera.

Apiriletik ekainera eraikuntzak urte arteko hazkunde daturik onena izan du 2007. urtetik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko irailaren 23a
16:15
Entzun

2016. urteko bigarren hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoak argitaratu ditu gaur Eustatek, Euskal Estatistika Zerbitzuak. Uztailean egindako aurrerapenean baino datu hobeagoak dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barne produktu gordina %3,2 hazi zen urte arteko tasan, aurreratu zen datuan baino bi hamarren gehiago. Hiruhileko batetik bestera, berriz, igoera %0,8 izan zen, iragarritakoa baino %0,1 handiagoa. Urteko lehen hiruhilekoan izandako hazkundearen parekoa da.

Eustatek ohar batean azaldu duenez, eraikuntzaren eta zerbitzuen bilakaera onari esker zor zaio hobekuntza. Irailean bi sektore horiei buruzko neurgailu eguneratuak ezagutu ziren, eta bultzada hori adierazten dute. Eskaintzari dagokionez, sektore guztiek izan zuten ekarpen positiboa. Zerbitzuak %3,4 igo zirenaurreko urtetik, eta esparru dinamikoena da. Merkataritzak, ostalaritzak eta garraioak portaera aipagarria izan zuten, %3,9 handitu baitziren. Zerbitzu publikoei dagokionez, urte batetik bestera %2,4 igo ziren.

Pare bat hilabetez ekarpen negatiboa izan ondoren, eraikuntzaren bolumena %2,7 handitu zen 2015. urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz. Emaitzarik onena da 2007. urteko azken hiruhilekotik. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, hamarren bat igo zen eraikuntzaren ekarpena.

Sektoreen artean industriak indarra galdu zuen. Urte arteko tasan %2,4 hazi zen, aurreko hiruhilekoan %4,8 izan ondoren. Eskulangintzak tasa negatiboa (-%0,2) izan zuen, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Oro har, barne eskaera indartsuak gidatutako susperraldia izaten ari da, baina inbertsioaren datuak ere hobetzen ari dira. Hala, kapital eraketa gordina %3,7 igo zen urtetik urtera, azken hamar urteetako daturik onena. Ekipo-ondasunen hazkundea %7 izan zen, baina, kasu horretan, aurrko bi hiruhilekoen azpitik geratu zen. Aspadiko partez, inportazioak esportazioen gainetik geratu ziren. Bi hamarren, hain zuzen ere.

Herrialdez herrialdeko banaketari dagokionez, Araban eta Bizkaian BPGa %3,2 hazi zen urte arteko tasa, eta Gipuzkoan %3. Hiruhileko batetik bestera, berriz, Araban eta Gipuzkoan %0,8 handitu zen, eta Bizkaian %0,9.

Enplegu sorrera

Eustaten kontuen arabera, EAEko ekonomiaren lanpostu garbiak %1,8 handitu ziren urte batetik bestera. Zenbakitan, 16.000 lanpostu gehiago esan nahi du horrek. Kontu ekonomikoek enplegua lanaldi osoko lanpostu parekidetan neurtzen dute, aldi baterako enpleguaren distortsioa ezabatzeko. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, 5.500 enplegu gehiago izan ziren.

Urte batetik bestera sektore guztietan handitu ziren lanpostuak, eraikuntzan izan ezik (-%0,1). Hazkunderik handiena zerbitzuetan gertatu da (%2,1), industriaren (%1,4) eta lehen sektorearen aurretik (%1).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.