Errepublikano gehienek kontra bozkatu duten arren, aldeko 257 eta kontrako 167 boto jaso ditu proposamenak. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak 200.000 dolarretik gora irabazten dutenei ezarri nahi zien zerga igoera, baina muga hori bikoiztea lortu dute errepublikanoek.
%4 igoko dizkiete zergak urtean 400.000 dolar baino gehiago irabazten duten pertsonei eta 450.000 dolarretik gorako diru sarrerak dituzten familiei. %39,6ra arte igo dizkiete zergak. Hogei urtean lehen aldia da errepublikanoak eta demokratak ados jartzen direna zergak igotzeko. Herritarren %2ri eragingo die zerga igoerak.
Senatuak onartua zuen proiektua, baina Ordezkarien Ganberaren onespena behar zuen aurrera egin ahal izateko. Plana onartuta, zerga amildegia saihestu eta herrialdeko diru irabaziak igotzea lortuko dute. Obamak nabarmendu duenez, AEBak atzeraldian sartzea ere saihestu dute akordioaren bidez. Gastu publikoaren eta zorraren gainean hartu beharreko erabakiak, ordea, atzeratu egin dituzte.
Obamak eskerrak eman dizkie negoziatzen aritu direnei, eta gaineratu du "urrats bat besterik" ez dela ekonomia indartzeko prozesuan. Obamaren hitzetan, herrialdeko defizita "altuegia" da, eta prest azaldu da era "orekatu" batean jaisteko.