Ogasuna

Zerga bilketa %16 igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hazkundea, bereziki, kontsumoaren susperraldiak eragin du. 2019ko kopuruetatik gertu daude emaitzak.

Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 13a
16:13
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen zerga-bilketan lehen seihilekoan gertatutakoak erakusten du ekonomiaren susperraldia abian dela, eta bereziki kontsumoarena. Aurtengo urtarrila eta ekaina bitartean, aldundiek 5.906 milioi euro bildu dituzte, hau da, 2020ko lehen seihilekoan baino 796 milioi euro gehiago, %15,57 gehiago. 2019koaren antzekoa izan da orain arte bildutako diru kopuru. Urte osoko zerga bilketaren %46 jaso dute ogasunek.

BEZaren bitartez bildutakoa igo da gehien, %28. Datu horrek iazko konfinamenduaren eragina islatzen du, eta, horrekin batera, urte honetan zehar mugikortasunari ezarritako murrizketak kentzearekin batera kontsumoan izan den gorakada.

Bizkaian hazi da gehien zerga bilketa: %20,51. Gipuzkoan, %9,54koa izan da hazkundea eta Araban, %6,33koa. Aurrenekoaren eta beste bien arteko alde horren arrazoi nagusia da Bizkaiko Ogasunak izan duen ezohiko diru-sarrera bat. Joan den maiatzean, Espainiako Estatuko Administrazioarekin zuen gatazka zahar bat konpondu zuen, erregai-hornitzaile baten BEZaren inguruan eta, horri esker, Bizkaiak 300 milioi euro inguru jaso ditu.

Diru-sarrera ezohiko horrez gain, kontuan hartu behar da iazko bigarren hiruhilekoan ordainketa-geroratze ugari eman zirela, bai enpresa txiki eta ertainentzako, bai autonomoentzako, COVID-19a dela eta. BEZari, PFEZaren atxikipenei eta autonomoen ordainketa aurreratuei eragin zieten atzerapen horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.