Orotara, iaz 12.834 milioi bildu zituzten ogasunek, aurreko ekitaldian baino %6,8 gutxiago. Jaitsiera bortitza izan da, eta sosak banatzeko moduak atzoko Finantzen Euskal Kontseiluan ezadostasunak azaleratu zituen. Hain zuzen ere, Bizkaiko ahaldun nagusiak bere haserrea agerian utzi nahi izan zuen, eta abstenitu egin zen Eusko Jaurlaritzari eman beharreko ekarpena zehazteko puntua bozkatu zenean.
Abstentzioak ez du esan nahi Bizkaia ekarpen horren aurka dagoenik, baina bilketaren berezitasunen ondorioz aldundien artean sortzen diren desorekak zuzentzeko balio duen sistemaren aurkako kritika zuzena da, zerga berezien bidez eskuratutakoarekin egiten diren egokitzapenekin ez ez baitago ados.
Auziak soka luzea du, eta hidrokarburoen, tabakoaren eta alkoholaren inportazioari zegokion BEZa kobratzea aldundien esku geratu zenean hasi zen. Petronorrek duen garrantziari esker, Bizkaiak beste bi aldundiek baino askoz ere baliabide ekonomiko handiagoak lortzen ditu, eta alde hori nola berdindu eztabaidagai izan da aspaldi. Esaterako,uste zuten gutxiegi zela Arabak eta Gipuzkoak eskuratzen zuten kalte-ordaina, eta beste kontseilu batean hori islatzeko abstenitu ziren diru banaketan.
Orain aldatu da egoera, eta, bilketa herrialde guztietan jaitsi bazen ere, Bizkaia izan zen murrizketarik txikiena izan zuen herrialdea. Halare, hori ez dela azken banaketan islatu salatu zuen Jose Luis Bilbao herrialdeko ahaldun nagusiak. Bilketa gordina aintzat hartuta, %4,7 gutxiago bildu zuen Bizkaiak. Haatik, egokitzapenak egin ondoren, %7,3 gutxiago da. Berriz, bilketan murrizketa handiagoa izan arren (%7,6), egokitzapenei esker Bizkaiaren aurretik jarri da Gipuzkoa (%5,5).
«Bilketa gordina gutxien jaitsi zen herrialdea ezin da horren azpitik geratu azken argazkian», salatu zuen Bilbaok, kontseilua amaitu ondoren eginiko prentsaurrekoan. Bere ogasunari ustez eginiko kaltea konpontzeko moldaketa proposatu zuen - gutxi gorabehera, Gipuzkoak Bizkaiari 50 milioi ematea eragingo zuen - baina beste aldundiek eta Jaurlaritzak ez zuten onartu.
Legeak ezarritakoari jarraituz, Bizkaiak 710 milioi eman die beste aldundiei: 505 Gipuzkoari eta 204 Arabari. Aurretik behin-behineko konponbidea zena Ekarpen Legearen parte bihurtu zen 2007an. Hain zuzen ere, zerga berezien bidez bildutako diru guztia koefiziente bertikalaren arabera banatzen da harrezkero.
Gipuzkoari dirua, etenik
Bizkaiaren ezinegona ez zen izan Finantzen Euskal Kontseiluak utzitako ustekabe bakarra. Beste arazoagertatu zen bilketan izandako jaitsierak orekatzeko Egokitzapen Funts Orokorraren banaketarekin. Iragan urrian jakinarazi zen funts horretatik Arabak eta Gipuzkoak kobratu beharko zutela. Atzo, Arabari 63 milioi ematea erabaki zuen kontseiluak, bainaerabaki zen etetea Gipuzkoari eman beharreko dirua.
Markel Olanok gidatzen duen erakundeak ez duela beharrezko dokumentazioa garaiz eman azaldu zuen Idoia Zenarrutzabeitiak. Atzo, agiri horien «parte bat» iritsi zela zehaztu zuen, baina ez guztia, eta dena berrikusi arte Gipuzkoak ez du kobratuko.
Bilketari dagokionez, PFEZa izan zen diru gehiago eman zuen zerga bakarra, %4,5. Aldiz, Sozietate Zergak % 16 egin zuen atzera. Enpresen etekinak zergapetzeko tasaren jaitsierari eta jardueraren moteltzearen ondorioz. BEZa ere jaitsi da, batez ere Araban, heren bat murriztu baita. Xabier Agirre ahaldunaren arabera, autogintzaren eta eraikuntzaren pisuaren ondorioz izan da.
Udalerrientzat ere bilketa apalagoa albiste txarra da. Horrek esan nahi du urrian zehaztu baino diru gehiago itzuli beharko dietela ogasunei.
Sozietate zergaren aurka berriro ere jo du auzitegietara Gaztela eta Leonek
Gaztela eta Leongo Gobernuak ez du etsi nahi, eta atzera ere auzitegietara joko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoak sozietate zergan onartu zuten azken moldaketaren aurka. Iragan irailean euskal ogasunek zerga sistema propioa izateko duten eskumenari ez zion trabarik jarri Luxenburgoko Auzitegiak, eta, tesi hori aintzat hartuta, hala Errioxaren nola Gaztela eta Leonen helegiteak bertan behera utzi zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.Espainiako Auzitegi Gorenak Luxenburgon ezarritako doktrinari buruz erabakitzen duen bitartean, Gaztela-Leongo gobernuak aurrera jarraituko du arau fiskalen kontrako estrategiarekin. Hain zuzen ere, sozietate zergaren tasa Espainiakoa baino txikiagoa izatea «lehia desleiala» dela salatu du Jose Antonio Santiago-Juarezek, Gaztela-Leongo gobernuko eledunak.