Urtarriletik ekainera bitarte, iazko aldi berean baino 99,8 milioi euro gehiago bildu ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak. %7ko igoera dakar horrek —iazko lehen sei hilabeteetan baino bi puntu portzentual handiagoa da bilketa—, eta ogasunak agiri bidez azaldu du zeintzuk izan diren bilketa handitu duten zergak: lan atxikipenak, BEZaren estatuarekiko doikuntzak, eta BEZa eta ondare eskualdaketen gaineko zergak; eta baita ere, BEZaren, sozietateen gaineko zergaren eta PFEZ pertsona fisikoen errenta zergaren gaineko itzulketak murriztu izanak.
"Zuhurtzia" eskatu du, nolanahi ere, Jaber Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko foru diputatuak. Izan ere, bere esanetan oraindik goiz da urte osorako bilketaz hitz egiteko, nahiz eta norabidea egokia izan. "Uztaila eta abustua hilabte gakoak dira urteko bilketaren bilakaera zehazteko", gaineratu du. Edonola ere, Larrañagak azpimarratu du lan atxikipenen bilketa eta enpresen irabaziena "berdean" egoteak erakusten duela ekonomia indartzen ari dela.
Langileei egindako atxikipenak (PFEZ) %3,2 hazi dira 2016ko lehen seihilekoarekin alderatuta; hau da, 21,8 milioi euro gehiago jaso dira aurten. Bestetik, sozietateen gaineko zergaren sarrerak 21 milioi eurotan handitu dira: batetik, sarrera gordinak 4 milioi handitu direlako; bestetik, ogasunak enpresei egindako itzulketak 17 milioi gutxitu direlako.
BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,4 handitu da (16,5 milioi euro gehiago), gipuzkoarrek ordaindutako BEZa lurralde arteko doikuntzen bidez berreskuratu ondoren. Zerga bereziei dagokienez, berriz, %8,6 jaitsi da tabakoaren gaineko zerga bilketa (4,9 milioi euro gutxiago), eta %7 handitu hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa (6,6 milioi euro gehiago). Azkenik, Espainiarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua 29,7 milioi eurotan handitu da BEZean eta 3,3 milioi gutxitu zerga berezietan.