KONTU PUBLIKOAK

Zerga bilketa uste baino 716 milioi txikiagoa izango da

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek 11.400 milioi inguru bilduko dituzte zergetan, duela urtebete kalkulatu zutena baino 716 milioi gutxiago (%6). Datorren urtean ekonomiak hazkunderik izango ez duela uste duten arren, zerga igoerei esker aurten baino 400 milioi jasotzea espero dute.

Berria.info
2012ko urriaren 23a
20:13
Entzun

Luzea eta gatazkatsua izan da Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, eta akordiorik gabe amaitu dute puntu nagusietan. Urteko kontuen itxierak eta hurrengorako aurreikuspenak, esaterako, hiru aldundien aldeko botoarekin eta Jaurlaritzaren abstentzioarekin egin du aurrera. Horren arabera, aurten 11.400 milioi euro bilduko dituzte ogasunek, iaz baino %3 gutxiago eta espero zutena baino %6 gutxiago.

Datorren urteari begira, berriz, 11.825 milioi izango dituzte gastatzeko hiru lurraldeetako erakundeek, aurten baino %3,7 gehiago. Aldundiek zuhur jokatu nahi zuten, eta aurtengo kopuru bera proposatu dute (11.400 milioi). Jaurlaritzak, berriz, aurreikuspen baikorragoa egin nahi zuen, 12.236 milioi biltzeko modua zegoela uste baitzuen.  Azkenean, erdibidea hartu dute. Horretatik %70 inguru dagokio Jaurlaritzari. Jaurlaritzak 200 milioi gutxiago izango ditu aurrekontuak prestatzeko. Beste 500 milioi kendu beharko ditu, Espainiak inposatutako defizit muga berria (PBGaren %0,7) dela eta. Aurten %1,5eko defizita baimendu du Madrilek. 

Politikoki, baina, esanguratsuagoa izan da opor fiskalen diruari buruzko bozketa. Horretan, Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia batu egin dira. Horren ondorioz aldundiek aurten pagatu beharko diote Jaurlaritzari opor fiskaletatik berreskuratutako dirua. 210 milioi gehiago izango dira Jaurlaritzaren kontuentzat. Bizkaiak eta Arabak argudiatu dute hobe zela diru hori orain ez pagatzea, artean auzia irekita dagoelako. Luxenburgoko auzitegiak artean ez du azken hitza esan enpresek itzuli beharko duten diruari buruz. Araba da erabaki horren kaltetu nagusia, hari dagokiolako diruaren bi heren itzultzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.