Zerga bilketaren emaitza orekatzeko hamabost milioi emango dizkiote Bizkaiari

Aldundien artean dirua banatzeko tenorean arazoak sortu ditu Gipuzkoak Ondare Zerga indarrean izateak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Ondare Zerga kobratu zuen herrialde bakarra izateak erabat korapilatu ditu joan den urteko zerga bilketaren itxiera eta diru baliabideen banaketa. Azkenean, Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan lortutako akordio politiko baten bidez auzia konpontzea lortu zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Ondare Zergari esker, 46 milioi euro bildu zituen Gipuzkoak 2009.urtean. Araban eta Bizkaian, ordea, bertan behera geratu zen zerga hori. Diru baliabideak banatzeko dagoen sisteman desoreka sortu zuen zerga harmonizazioaren faltak. Horren kalte handiena Bizkaiak pairatzen zuen, ez zuen zerga baten ondorioz ia hamasei milioi euro ordaintzea zegokiolako.

Kalkuluarekin ados ez zegoelako konponbideren bat galdegin zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Finantzen Kontseiluaren bileran. Lau orduz bilduta egon eta gero, Bizkaiari konpentsazio bat ematea hitzartu zuten administrazio guztiek. Hala, Eusko Jaurlaritzak 8,1 milioi euro jarriko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 7,4 milioi, eta Arabak, 300.000 euro.

Ordain horren ondotik sistemaren emaitza «neutroa» izango dela agindu zuen Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak. «Aparteko egoera batzuetan aparteko neurriak hartu behar dira», arrazoitu zuen.

Konpentsazioaren ia erdia ordaindu beharko badu ere, Gipuzkoa ez zen esku-hutsik atera kontseiluaren bileratik. Hain zuzen ere, Markel Olanoren gobernuak krisiari aurre egiteko planaren barruan aurreikusi dituen neurri batzuetarako finantzaketa erraztuko dio Jaurlaritzak. Aldundiko ordezkariak atzo egon ziren Lehendakaritzan, baina oraingoz zenbat diru izango den eta zer ordainduko den ez dute jakinarazi.

Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan hartutako erabakiak defendatu zituen Olanok. «Beti esan dugu zerga arauen harmonizazio faltak efektu kaltegarriak dituela». Ondare Zergari eusteko modua egin zutenei ere kargu hartu zien. «Guk arduraz jokatu dugu, beste alderdi batzuk egin ez dutena». Besteak beste, EAJko gobernu bazkide Hamaikabatek zerga ezabatzearen aurka egin zuen.

Bi mila milioi gutxiago

Arazoak arazo, kontseiluak iazko bilketaren itxiera zehaztu zuen. Oro har, 2.000 milioi gutxiago jaso dira. Erorketa handia izan da, baina joan den urrian espero zena baino txikiagoa. Zerga bat gehiago izan arren, bilketaren murrizketarik handiena Gipuzkoak izan du (%17).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.