Zerga bilketaren jaitsierak gastua txikitzera behartuko du Gipuzkoako Aldundia

Krisia «serioa»izan arren, ekonomia %0,5eko haziko dela ziurtatu du Gonzalez Ogasun diputatuak

ERREDAKZIOA
2009ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du krisi ekonomikoak bere kontuei eragingo diela eta ezinbestean zenbait gastu murriztera behartuko duela. Gizarte gastua eta inbertsioa, ordea, ikutuko ez dituela agindu du Pello Gonzalez Ogasun diputatuak.

Iragan urtean 4.128 milioi euro bildu zituen zergatan Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurreko urtean baino %5,5 gutxiago. Jaitsiera urteko bigarren erdian gertatu da, aurrenekoan bilketak %2,4 egin zuelako gora.

Murrizketarik handiena (BEZ) Balio Erantsiaren Zergak izan du, %13,4koa. Zerga horrek kontsumoa zamatzen duenez, udatik hona herritarrek gutxiago kontsumitu dutela erakusten du.

Azkenaldian aurreikuspenek sarri huts egiten dutelako edo, Gonzalezek ez du aurreratu nahi izan zenbat diru bilduko duen aurten Aldundiak. Baina dagoeneko aldatu behar izan ditu aurtengo aurrekontuak, eta gastuak txikituko dituela iragarri du, zertan zehaztu gabe.

Laguntza EIBri

Diru bilketa eskaserako prestatu da Gipuzkoako Aldundia, eta EIB Europako Inbertsio Bankuari 600 milioi euroko mailegua eskatu dio. Horietatik 400 milioi izango dira autobideetan hirugarren errailak egiteko, eta gainontzekoa errausteko planta eta hondakinen tratamendurako planaren beste gastuak estaltzeko. IEBek uztailean erabakiko du Aldundiari dirua uzten ote dion. Eskatutako dirua inbertsio horretako aurrekontuen erdia da.

Aurrekontuak ez ezik, aurreikuspen ekonomikoak ere aldatu behar izan ditu Gipuzkoako Aldundiak, Gonzalezen hitzetan, krisia lurraldeko ekonomia «serioski» astintzen ari delako. Aurrekontua egin zuenean iragarri zuten Gipuzkoako BPG %1,5 haziko zela aurten, eta orain diote %0,5 baizik ez dela izango.

Herenegun, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ziurtatuzuen egoerarik onenean %0,2 haziko zela ekonomia eta atzeraldia posible zela. Gonzalezek, ordea, ez du hazkunde negatiborik espero.

Langabezia asko handituko dela onartu zuen Gonzalezek, baina «kontsolamendua» ez den arren, nabarmendu zuen beste lurraldeetan baino txikiagoa izango dela aurrerantzean ere. Diputatuak langabeen kopuruari buruzko datu bakarra eskatu zien estatistika erakundeei, langabeziaren neurria «argi interpretatu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.