Zerga sistema

Zerga eskumenak Eusko Legebiltzarraren esku egotearen aurka agertu dira EAJ eta PP

UPDk eskatu du zerga alorreko eskumenak legebiltzarraren esku uztea. PPk uste du zerga politikaren gaineko gaurko eztabaida "zaharra eta alferrikakoa" dela. EH Bildu Gipuzkoako zerga sistema gainerako lurraldeetan ezartzearen alde agertu da. EAJk aldundien eskumenak errespeta daitezen eskatu du.

2013ko otsailaren 15a
14:12
Entzun

Lopez izan da eztabaidan parte hartzen lehena. Hark jakinarazi duenez, lege proposamen bat aurkeztuko dute bateratzeko bidean; hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oinarrizko irizpide batzuk ezar ditzaten nahi du —kenkari eta zerga berezien gainean, adibidez—. Proposamen horren barne dago enpresa txiki eta ertainen gaineko sozietate zerga jaistea, "ahalegin gehien" egiten ari direlako. Zerga iruzurraren aurka egitea ere babestu du.

Zerga politikaren erreformari buruzko erabakiak Eusko Legebiltzarrean hartzearen alde agertu da Lopez, "Euskadi osoa ordezkatzen diolako". "Hemen erabaki beharrean, beti erabaki izan da bulego gutxi batzuetan, ezkutuan". PSE-EEren eskariz egiten ari dira eztabaida.

"Zerga politika ez da bidezkoa", Lopezen arabera, eta, horregatik, aldatzea ezinbestekoa dela iritzi dio. 

UPDko bozeramaile Gorka Maneirok ere zerga alorreko eskumenak legebiltzarraren esku uzteko eskatu du. Lopezi zuzendu zaio esanez 2009an UPDk eskatzen zituen erreformak egin izan balituzte krisiari "hobeto" aurre egingo litzaiokeela.

Antonio Danborenea PPko legebiltzarkideak PSE-EEren ekimena kritikatu du, uste baitu eurak direla hain justu desarmonizazioa eragiten dutenak; horregatik, PSE-EEri leporatu dio esaten duenaren "aurkakoa" egitea. Adibidez, Gipuzkoan Bildurekin lortutako akordioa gogorarazi dio.

Gipuzkoako eredua, hizpide

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea Gipuzkoako zerga sistema gainerako lurraldeetara zabaltzearen alde agertu da, eta azaldu du koalizioa prest dagoela hori posible egin ahal izateko.

Erreforma "sakona" egitea beharrezkotzat jo du Pinedok, eta horretarako EAJk "borondate gutxi" duela iritzi dio. Pinedoren ustetan, "aitzakiak" erabiltzen ditu erreforma saihesteko.

EAJk, berriz, erreforma "integral bat" eskatu du, baina gaur egun aldundiek eta Batzar Nagusiek zerga arloan dituzten eskumenak errespetatuz. Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak ekonomia sustatzeko sistema eskatu du, eta horretarako, ezinbestekoa deritzo "ziurtasuna, egonkortasuna, konfiantza" egoteari.

Rikardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak adierazi du gobernuak parte hartuko duela erreforma "orekatua" bada, "ahalik eta zabalena, nahiko diru biltzea ahalbidetuko duena eta ekonomia jarduera sustatzen duena".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.