Gaur goizean, lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun diputatuek Arabako Foru Aldundiaren egoitzan, zerga informazioa trukatzeko sistema egonkor eta elkarrekiko bat eratzeko, zeinek bere eskumenak betez.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko ogasun diputatuaren ustez, hitzarmen berriak asko hobetuko ditu aspalditik egiten diren informazio truke masiboak. Baina, gainera, nobedade berriak ekarriko ditu zerga administrazioen datu baseen interkonexioan: "Hitzarmen honek orain arte geneukan guztia gainditzen du. Hiru foru ogasunetan zerga iruzurraren aurka egunero lan egiten duten profesionalen ekarpen eta hobekuntzak dauzka".
EAEko Foru Ogasunen arteko alde biko akordio horien helburua informazio trukaketak bete behar dituen baldintzak eta prozedurak ezartzea da, betiere informazioa dagokion pertsonaren eskubideak errespetatuz. Gainera, zergetako datu baseak denbora errealean komunikatzeko mekanismo tekniko bat eratu nahi da, iruzurraren aurkako borroka indartzeko.
Horrela, informazio fluxua arautuko da, edukiak finkatuz, mekanismoak arautuz eta partekatu beharreko informazioaren irismena ezarriz. Horrenbestez, zerga kudeaketa eraginkorrerako beharrezkoa den informazioa modu ordenatuan, kontrolatuan, bideratuan eta automatikoan joan eta etorriko da.
"Beraz, orain arte zergak aplikatzeko aldiro egin izan den informazio trukaketari beste transferentzia bat gaineratuko diogu, zenbait zerga eta datu hobeto kudeatu eta egiaztatzeko: Balio Erantsiaren gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga, zergak ordaintzen dituzten erakundeak eragiketa-bolumenean, eta sozietateak berregituratzeko eragiketak", azaldu du Iruarrizagak.
Zuzeneko sarbidea
Era berean, aldiroko trukaketek asebetetzen ez dituzten beste informazio-premia batzuei behar bezala erantzuteko, hitzarmenen zortzigarren atalean foru ogasunek datu-baseak zuzenean eskuratzea arautzen da, bai web zerbitzuen bidez, bai bakoitzak bere zerbitzu telematikoen atarietan dauzkan zerbitzuak eskuratuz.