Bizkaiko Foru Aldundiak IFZ Identifikazio Fiskalerako Zenbakia kenduko die ustez zerga iruzurra egin duten enpresei eta, ondorioz, horiek ezingo dute operazio ekonomikorik eta juridikorik gauzatu. Lehen aldiz hartu du neurri hori diputazioak.
Aldundiak gaur agerkari ofizialean jakinarazi du IFZ erretiratu diola ibilgailuen salerosketarako enpresa bati. Bizkaiko Ogasunak Fiskaltzari aurkeztutako salaketaren arabera, enpresa hark 2004-2011 artean Ipar Euskal Herrian erositako auto batzuk Bizkaian saltzean BEZean eta matrikulazio zergan 1,2 milioi euroko iruzurra egin zuen.
Hurrengo asteetan beste sei enpresari kenduko dio Identifikazio Fiskalerako Zenbakia.
Diputazioak aitortu du neurri hori dela lantoki bati jar dakiokeen "zorrotzenetakoa", baina zergen araudian jarri duela aurten eta betetzen hasi dela.