Zerga paradisuekin lotutako enpresei kontraturik ez adjudikatzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuak gobernuari. UPN eta PP ez beste guztiek babestu dute mozioa, eta kontratu publikoei buruzko legea aldatzearen premiaz ohartarazi dute. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek eta PSNk "irizpide etikoak" txertatu nahi dituzte araudian, zergak ordaintzeari izkin egiten dioten sozietateak zigortzeko eta zerga betebeharrak betetzen dituztenei lehentasuna emateko.
Europako hainbat lurraldetan hartzen ari diren neurriekin bat egin, eta "erantzukizun fiskala" bermatu gura dute Nafarroako adjudikazio publikoetan, betiere lehia librea eta aukera berdintasuna errespetatuta. Lehia desleiala ezabatzea dute helburu: "Zergak ordaintzea saihesteko zerga paradisuak baliatzen dituztenen baldintzapeko merkatuaren distortsioarekin amaitzea premiazkoa da". Hori dela eta, kontratazio publikorako deialdietan "irizpide etikoak" gehi ditzala exijitu diote gobernuari, iruzurgileak "zigortu" eta behar bezala ari diren enpresak "saritzeko".
Zero tolerantzia iruzurgileei
Taldeek salatu dute erakunde publikoetatik beti argudio bera erabiltzen dela gisa horretako enpresen alde egiteko: eskaintza ekonomiko onuragarriena dela. "Badirudi horrek baino ez duela axola. Kontrara, ez dago ez zoru klausularik, ez gutxieneko lan baldintzak bermatzeko konpromisorik, ez giza eskubideen edo ingurumenari buruzko inolako errespeturik". Haien hitzetan, baina, are kezka txikiagoa eragiten du askotan enpresa handi horien atzean egon ohi diren finantza sareak. "Nahiz eta sarritan paradisu fiskaltzat jotako herrialdeetaraino heldu”.
Nafarroak bere burua zerga paradisurik gabeko lurralde izendatzea nahi dute mozioari oniritzia eman dioten alderdiek. Horren harira, ezinbestekotzat jo dute adjudikazioetan parte hartzen duten enpresek argitzea zerga paradisuekin loturarik ote duten. "Horretarako, herritarrengana iritsiko diren gardentasun neurriak ezarri beharko lirateke lehenbailehen, gizarteak ere batere tolerantziarik gabe joka dezan zerga betebeharrak betetzen ez dituzten pertsona juridikoekin".