Zerga politikari buruzko akordioa nahi du LABek, erakundeetatik at

Gehiengoa zerga politika aldatzearen alde dagoenez, jarrera hori bideratu eta oztopoak gainditzeko erabili behar dela uste duEztabaida erreforma egiteko edo eragozteko abiatu den zalantzak ditu sindikatuak

Bea Martxueta, Ainhoa Etxaide eta Rafa Izquierdo LABeko ordezkariak, atzoko agerraldian. GARI GARAIALDE / ARP.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zerga politikaren erreformari buruzko eztabaida abiatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan,«behingoz». Baina ikusteko dago eztabaida non amaituko den. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak zalantzak ditu, ea eztabaida benetan zerga politika aldatzeko piztu den edo «aldatzea eragozteko». ELAk ere antzeko zerbait esan zuen iragan astean, adostasun politikoaren izenean erreforma sakonei uko egiteko arriskua dagoela. LABek uste du gizartearen gehiengoa dagoela zerga politika aldatzearen alde, sistema justuagoa eta progresiboagoa izateko. Horregatik, akordio politiko eta soziala eskatu du zerga politikaren erreformaren alde: jarrera hori bideratzeko, aldaketaren alde indar handiagoa egiteko eta erakundeetan izan daitezkeen oztopoak gainditzeko.

Akordioa erakundeetatik kanpo izango litzateke, baina erakundeen hartu behar dituzten erabakiak —diputazioek dute zerga eskumena— baldintzatzeko eta zehazteko. «Zer eta nola aldatu behar den». Sindikatuak uste baitu zerga politika aldatzeko aukerek eta premiak ezin dutela egon «erakunde bakoitzaren osaketa politikoaren mende».

LABek zerga politika aldatzeko bere proposamena zehaztu zuen atzo. Ez da proposamen berria, aitortu zuen Etxaidek. Gogoratu zuen gehiengo sindikalak krisia sortu zenetik egin duela zerga politika aldatzearen alde eta denborak arrazoia eman diela murrizketak ez direla bidea krisitik ateratzeko. Etxaiderentzat, «onartezina» da krisia abiatu eta hiru urtera hasieran bezala egotea eta inork porrota ez onartzea.

Erakundeei orain arte zerga politikari buruzko eztabaida saihestea leporatu die, baina, azkenean, «gizarteak eta egoerak behartuta», zerga politikaren aldaketari heldu behar izan diotela, «hori baita irtenbide bakarra».

Nafarroan ez. «UPNk orain har daitekeen bide okerrena hartu du, zerga politika ez ukitzea eta murrizketak egiten jarraitzea», Etxaideren arabera.

Aldaketak ez du zerga politikarena bakarrik izan behar, politika publikoena baizik. Biak uztarri berean doazela nabarmendu zuen Etxaidek: «Zerga politika aldatuko du politika berriak egin nahi dituenak; orain arteko politikak egin nahi dituenak ez, ez du zerga politika aldatu behar». Egungo zerga politikari eutsi nahi diotenen artean EAJ, PP eta Confebask aipatu zituen.

Zerga politikari buruzko eztabaida abiatu da. Ikusteko dago non eta nola amaituko den. Zergatik? «Zer eta nola aldatu behar den eztabaidatu beharrean, zerga politika zergatik ez den aldatu behar arrazoitzen ari baitira», erantzun zuen Etxaidek. Arrazoi horien artean aipatu zuen zerga armonizazioarena. Armonizazioa egin daitezkeen aldaketak oztopatzeko erabiltzea leporatu zien EAJri eta PPri: «Egungo zerga politikaren aldeko indarrak handiagoak direnez, erabakia Araban eta Bizkaian PPk eta EAJk hitzartzen dutenaren mende utzi nahi dute».

Bi aukera mahai gainean

LABentzat, funtsean, bi aukera daude mahai gainean: alde batetik, Confebaskena, «zerga politika langileen gain bakarrik eraikitzea»; bestetik, zerga politika berri baten alde daudenena, «zerga politika guztien gain eraikitzea». Aukera horien oinarrian zerga politikari buruzko bi irizpide daudela zehaztu zuen Etxaidek: bata, aberastasuna birbanatzeko erabiltzea; bestea, «enpresak saritzeko eta enpresen interesak babesteko baliatzea».

Ikusteko dago erakundeek zer-nolako jarrera hartzen duten, «gaur arte bezala patronalaren alde edo, behingoz, «gizartearen, langileen eta herritarren alde».

Etxaidek txalotu egin zuen Gipuzkoako Diputazioaren proposamena zerga politika aldatzeko, gobernuan egonda sindikatuek urteetan eskatutako neurriak aintzat hartu dituelako. Ostiralean bilduko dira elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.