Krisialdian murgilduta jarraitu arren, krisia eragin zuen zerga politika bera darabilte administrazioek. Horixe bera leporatu dio Bizkaiko Batzar Nagusietako talde mistoak Jose Luis Bilbaoren gobernuari. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 1998tik zerga politikan eginiko aldaketa guztiak helburu bakarra izan dute Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzaleko eledunen esanetan: «Gehien dutenei zergak murriztea eta enpresen gaineko presio fiskala jaistea».
Zerga politika horiekin aurrera jarraituz gero, epe labur edo ertainera Bizkaiak «arazo ekonomiko larriak» izango dituela ohartarazi dute talde mistoko ordezkariek. Horiek saiheste aldera, 2011rako zerga neurriei zortzi zuzenketa partzial aurkeztuko dizkiete Ogasun eta Finantzen Batzordearen gaurko bileran.
Zuzenketen berri emateko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, Joseba Geruzagak (Eusko Alkartasuna), Jonathan Martinezek (Alternatiba) Iosu Murgiak (Aralar) eta Begoñe Agirrek (ezker abertzalea). Ezker Batuak, bestetik, zerga politikaren gaineko eztabaida eskatzearen aldeko zuzenketan bat egin du talde mistoarekin, zerga neurrien inguruko proposamen propioak egingo baditu ere.
Progresibotasun handiagoa
Bizkaiko Foru Aldundiak 2011. urteari begira aurkeztutako zerga neurriei begirako zuzenketak eztabaidatuko dituzte. Azken hamarkadan galdutako hainbat zerga eta progresibotasuna berreskuratzeko helburua dute zortzi proposamenek.
Lehenengoak 90.000 eurotik gorako errententzako tarte berria sortu nahi du, %50ean zergapetzeko. Horrez gain, 63.000 eta 90.000 euro bitarteko zerga oinarriena %46ra igotzea eta PFEZren lehen tartearena -errentarik txikienak, alegia- %23tik %20ra jaistea bultzatzen du.
Bigarrenik, aurrezkien bidezko irabaziak errenta orokorrean uztartzea proposatzen dute. Hala egiten zen 2006ra arte, eta, talde mistoaren ustez, PFEZ lan errenten gaineko gehiegizko zama izateari uzteko modua da. Hirugarren eskaera ondasunen gainekozerga berrezartzea da.
Gainerako zuzenketak enpresek ordaindu beharreko zergen ingurukoak dira. Sozietate zergari dagokionez, 2006. urteko mailara bueltatzea nahi dute, %32,5era igota. Bestetik, eraikinen merkatuan inbertitzen duten enpresen erregimen berezia bertan behera utzi nahi dute, «inolako funtzio sozialik ez duten enpresa handiek onura fiskalak lortzeko besterik ez baitu balio».
Enpresekin jarraituta, hidrokarburoen sektoreko enpresen sozietate zerga igotzea eta kasino zein bingoei zergak murrizteko Bizkaiko Foru Alundiak eginiko proposamena bertan behera uzteko eskatuko dute.
Talde mistoko kideek zerga politika aldatzearen beharra azpimarratu dute: «Ez gaude krisiangehiegizko gastua dugulako, Europako presio fiskal baxuenetakoa dugulako baizik». Horren harira, defizit publiko handiena duten hiru herrialdeek zergapetze txikiena dutenak direla gogorarazi dute.
Zerga sistema aldatzeko eskatuko diote Bilbaori
EAJren politikaren ondorioz Bizkaiak arazo ekonomiko larriak izan ditzakeela ohartarazi du talde mistoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu