ELAk bi arrazoi eman ditu Confebaskek enpresentzat eskatutako zerga jaitsiera baztertzeko. Batetik, ez delako «bidezkoa», eta, bestetik, ez delako «egia» horrela lehiakortasuna hobetzen denik eta kapitalaren ihes saihestuko denik. Sindikatuaren arabera, modu bakarra dago gastuen murrizketa gehiago eragozteko edo medikura joateagatik pagatzea bezalako neurriak ez inposatzeko: diru gehiago biltzea, errenta handiei eta kapitalari zergak gehituta, eta zerga iruzurraren aurka borroka eginda.
Hainbat urte daramatza ELAk zerga sistemaren aldaketa eskatzen, haren iritziz, oraingoak muga eta bidegabekeria handiak dituelako. Zerga bilketaren jaitsierak eta defizit publikoei buruzko kezkek azkenean eztabaida ireki dute, baina sakoneko aldaketarik izango ez den beldur da ELA. Izan ere, sindikatuak kezkaz ikusten du arduradun politiko askok nabarmentzea edozein aldaketa EAEko Zerga Koordinaziorako Organoan adostu behar dela. «Finkatu diren posizioak ikusirik, adostasuna proposamen politikoei gailentzeak esan nahi du baztertu egiten dela zerga sisteman sakoneko aldaketak egiteko aukera». Hartuko diren neurriak, gainera, «atzerakoiak» izango dira, «patronalak nahi dituenak», Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan.
ELA kexu da instituzioek mugatu egiten dutela gizartearen parte hartzea eta ez dietela bide ematen sindikatuen proposamenei. ELAk hainbat proposamen aurkeztu dizkie erakundeei, eta bilerak eskatu ahaldun nagusiei. Orain arte Javier de Andres (PP) Arabako dipuattu nagusiarekin bildu dira, baina desadostasun handia izan dute. Hainbat astez erantzunik eman gabe egon ondoren, Gipuzkoako Aldundiak onartu du bilera egitea, baina Muñoz ez dago gustura, bileraren «aurretik bere jarrera finkatu duelako».
Presio fiskal txikiagoa
ELAren arabera, zerga bidez gehiago jasotzeko modua badago, Hego Euskal Herrian presio fiskala inguruko herrialdeetakoa baino txikiagoa delako. Hau da, zergetan biltzen dena barne produktu gordinaren duen zatia txikiagoa dela. 2009an BPGaren %29,3 biltzen zen zergetan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Europako Batasunean, batez besteko presio fiskala %38,4koa zen, bederatzi puntu handiagoa, beraz. Gainera, krisiaren eta azken urteotan egindako zerga txikitzeen ondorioz hemen Europan baino gehiago jaitsi dela ziurtatu du ELAk: 6,5 punturen aldea zegoen 2005ean, %32,6koa Hegoaldean eta %39,1ekoa EBn.
Hego Euskal Herriko presio fiskala EBkoarekin parekatuz gero urtero 8.000 milioi euro gehiago bilduko liratekeela kalkulatu du ELAk. Are gehiago, 2007ko presioarekin (%33), EAEko instituzioek 3.200 milioi gehiago izango lituzteke, nahikoa Jaurlaritzaren eta aldundien defizita kitatzeko.
Presio fiskal txikia duten estatuek dute, hain zuzen ere, defizit arazo handien, baita langabezia gehien ere: Portugalen presio fiskala %31koa da, Espainian %30,4koa, Grezian %30,3koa eta Irlandan %28,2koa. Beste aldean daude Danimarka (%48,1), Suedia (%46,9), Frantzia (%41,6) eta Alemania (%39,7).
Gainera, ELAk ziurtatu du zerga mota guztietan dagoela Hegoaldea EBren azpitik: zeharkako zergak BPGaren %8,6 dira hemen (%13,1 EBn), zuzenekoak %9,1 (12,6) eta gizarte kontribuzioak %10,7 (%12,8).
Zuzeneko zergei dagokienez, laneko errentak ez direnetan iruzur handia dagoela esan du ELAk, eta horregatik salatu du «inmorala» dela Confebaskek haien jaitsiera eskatzea. 2010eko banaketarekin, soldatapekoek 4.308 milioi pagatu zituzten EAEn, 2009an baino %3,4 gehiago. Enpresaburuen, profesionalen eta kapitalaren errenta eta sozietate zergen bidez, berriz, 1.472 milioi jaso zituzten aldundiek, 2009an baino %16,2 gutxiago.
Zerga sisteman sakoneko aldaketarik izango ez den beldur da ELA
Bidegabetzat jo du Confebaskek zergen jaitsiera eskatzea enpresentzat, iruzur egiten dutela uste baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu