Datorren astea berebizikoa izango da zerga sistemaren negoziazioentzat. Hori adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Euskadi Irratian. EAJ eta PSE-EE irailaren 2an batzartuko dira, eta hilabete hasierarako akordioa ixtea espero du.
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidentea antzera mintzatu zen atzo. Haren aburuz, laster sinatuko dute PSE-EErekin zerga erreformaren inguruko akordioa. PSE-EErekin “gutxienekoak” adostu ondoren, akordioa batzar nagusietarako gainontzeko taldeei helaraziko diete. Besteak beste, sozietateen zergan, kenkariak aplikatuta ere, halabeharrez ordaindu beharreko gutxieneko tasa.
Hitzarmena ixteko, orain arte adostutakoak ikertu, eta desadostasunetan ados jarri beharko dute, zerga sisteman kasurako. Gai horrek sortu ditu tirabira handienak: EAJk zerga sistemaren inguruko erabakiak Eusko Legebiltzarrak hartzea nahi du; PSE-EEk, berriz, batzar nagusien eskumena izatea nahi du.
Momentu honetan zerga erreformaren akordioa EAJk eta PSE-EEk erabakiko duten arren, etorkizunean “beste akordio batzuk” egiten saiatu beharko dutela ohartarazi du Mendiak, zergen inguruko legeak egiteko eskumena batzar nagusiena baita eta bertan beste gehiengo politiko batzuk baitaude.
Kritikaren eskutik, eskaria
Idoia Mendia PSE-EEko Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak “krisi garaiko urterik gogorrena galdu” izana egotzi dio EAJri: “Ez dute ezer egin, ez dute lege bat bera ere onartu”. Beste hilabete bat "ez galtzeko”, politika orokorreko osoko bilkura aurreratzeko eskatu dio EAJri.
Irail hasierarako akordioa ixten badute, ziur aski politika orokorreko osoko bilkura aurreratu egingo dute, Europa Press informazio agentziaren arabera; ziurrenik, irailaren 19ra.