Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa eta Martin Garitano Gipuzkoakoa, banan-banan, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariarekin bilduko dira hilaren 20an. Gai berberari buruz hitz egingo du guztiekin: zerga sistemaz. Gaur egungo zerga irabaziak egokiak ote diren, zerga oinarriak igotzea beharrezko ote den etakendutako zerga batzuk berreskuratu behar ote diren aztertzeko eskatuko die. Zerbitzu publikoen bideragarritasuna nahiz egitura instituzionalen eta ekipamendu publikoen eraginkortasunari buruz ere hitz egingo dute, «bikoiztasunak eta eraginkortasun falta saihesteko».
Jaurlaritzak ez du eskumenik zerga kontuetan, nahiz eta harentzat izaten den diputazioek biltzen dutenaren ia %70. Berez, foru aldundi bakoitzak erabaki dezake zein neurri hartu. Praktikan, ordea, zerga politikak harmonizatu egin dituzte azken urteotan, eta oso alde txikiak daude lurralde batetik bestera.
Kontuan hartuta hiru diputazioen osaketa, nahiko lan izango da harmonizazio horri eusten. EAJren esku dago Bizkaiko Diputazioa, Bilduren esku Gipuzkoakoa eta PPren esku Arabakoa. Hori gutxi balitz, PSE-EE da nagusi Eusko Jaurlaritzan. Era berean, zerga politikak diputazioek diseinatzen dituzten arren, batzar nagusiek onartu behar izaten dituzte gero, eta haietan ere alderdien arteko akordioak ezinbestekoak izango dira proiektuek aurrera egiteko.
Goranzko joera
Gauza jakina da lau alderdiek iritzi ezberdinak dituztela zerga sistemaren arloan. Itxura batera, PP da zergak jaistearen alde dagoen bakarra. Pentsa daiteke, beraz, igo egingo dituztela, egoera ekonomikoaren ondorioz kutxak husten ari baitira. Zein eta zenbat, hori izango da negoziatu beharrekoa.
Zirriborro bat besterik ez dela dio Lopezek, baina hauek izan daitezke Jaurlaritzaren proposamenak: kenkariak gutxitzea enpresei eta herritarrei —etxebizitzak erosteagatik ematen dena, esaterako—, ondare eta oinordekotza zergak berreskuratzea, kapitalaren errentak lanaren errentekin parekatzea eta zerga iruzurraren aurka borroka handiagoa egitea. Sozietate zerga egungo mailan mantenduko da, %28an.
Zerga sistemaz hitz egiteko bilera, hilaren 20an
Banan-banan elkartuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak Patxi Lopezekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu