EKONOMIA

Zergak eta tasak izoztea onartu du Donostiako Udalak

Hondakinen gaikako bilketa saritu nahi du udal gobernuak. Ekonomia jardueren gaineko zerga %1 igoko da.

2014ko abuztuaren 22a
13:05
Entzun

"Kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, erakundearen bideragarritasuna bermatzea, pertsonei lehentasuna ematea eta legealdian nagusi izan den zerga politikarekin aurrera egitea, diru sarrera txikienak dituzten kolektiboei hobariak emanez". Horiek dira Donostiako Udal Gobernuak onartutako tasen eta zergen helburuak.

Ogasun arduradun Jabi Vitoriak prentsaurrekoan azaldu duenez, udal gobernuak onartu dituen zerga ordenantzek, oro har, tasak eta zergak ez igotzea aurreikusten dute. Hala, udal gobernuak egin eta udalbatzak berretsi beharko duen proposamenak ez du igoerarik ezarriko tasa eta zergetan, JEGZ Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan izan ezik, hori %1 igoko baita. Gizarte laguntzak jasotzen dituzten pertsonek %20 gutxiago ordainduko dute.

JEGZ igotzea

Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergari dagokionez —1.000.000 eurotik gorako negozio bolumenari aplikatzen zaio—, %1 igotzea proposatu du udal gobernuak. "Horren bidez, gastuen eta diru sarreren balantzea orekatzea aurreikusten da, lehen aipatutako hobariari dagokionez", zehaztu du udalak. Halaber, enplegua sortzen duten enpresak saritzea aurreikusi du, 2015ean. Hartara, langile zerrenda %5 igotzen duten enpresen %5eko hobaria jasoko dute, eta horrela egingo da, hurrenez hurren, %10 edo %20koa denean.

Hondakinen bilketarako tasak, berriz, izoztea proposatu du udalak, eta, aldi berean, hondakinen gaikako bilketan Donostian abian dauden programetan izena ematen dutenentzako hobariak zehaztea: %15 edukiontzi marroiarentzat; %30 auzo konpostarentzat, eta %50 autokonpostarentzat.

Ezkontzak kobratu egingo dira

Ezkontza zibilak udaletxeko areto arrunt atean eta gonbidaturik gabe egiten badira, ez da ezer ordaindu beharko. Haatik, ezkontzak udaletxeko batzar aretoan eta gonbidatuekin eginez gero, 100 euro ordaindu beharko dira. Udal gobernuak argudiatu du ospakizun horiek hainbat gastu dituztela udalarentzat; "zehazki, azafaten kontratazioak eragindakoak eta ezkontzen amaieran egin beharreko garbitasunarenak. Izan ere, terraza, eskailerak eta batzar aretoa (serpentinak, arroza, petaloak…) garbitu behar izaten dira, baita komunak garbitu eta desinfektatu ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.