ZERGAK. FINANTZEN SUSKAL KONTSEILUAREN BILRA. Funtzionarioen soldata izozten saiatuko dira gobernuak

ELAren arabera, mahai orokorrean oinarrizko ordaina %0,3 igotzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Administrazio publikoetako langileen soldatak izozteko asmoan bat datoz, behintzat, Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak. Carlos Agirre Ogasun sailburuak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak antzeko argudioak dituzte, gainera: krisi garaian kontu publikoen lehentasunak beste batzuk dira eta funtzionarioei ahalegin berezia egiteko unea iritsi zaie.

Gai korapilatsua da. Patxi Lopezen gobernuaren kasuan, aurreko Jaurlaritzak %1eko igoera hitzartua zuen, aparteko ordainak hileroko soldatekin parekatzeko. Halaber, Espainiako Gobernuak aurrekontu proiektuan funtzionarioen soldata %0,3 igotzea proposatu du. Lotura horiek ere zalantzan jarri zituen atzo Agirrek. «Guri izoztea gustatuko litzaiguke, eta, ahal bada, aurretik zeuden konpromisoak atzeratzea». Edonola ere, gaia negoziazio mahaian dago.

Eta zer gertatzen ari da negoziazio mahai horretan? Bada, atzo ELA sindikatuak igorritako informazioaren arabera, 60.000 langile publikoren oinarrizko soldatari eta antzinatasunari %0,3ko igoera emateko prest azaldu da EAEko Gobernua. Halaber, aparteko ordainak parekatzeko akordioa bi urtetan ezartzeko eskatu die sindikatuei.

Lau urterako ituna aztertzen ari dira, eta «irudimenez» jokatzeko asmoa duela jakinarazi die langileen ordezkariei, tarte horretan funtzionarioen erosahalmena jaits ez dadin. ELAren ustez, ordea, administrazioaren proposamena «zekena» da, azken hamabost urteetan langile publikoen erosahalmena «%16 murriztu delako».

Inflazioaren zain

Arabako eta Gipuzkoako ahaldunek ez zuten azaldu euren jarrera, baina Jose Luis Bilbaok orain dela aste batzuk herrialdeko politika orokorrari buruzko osoko bilkuran esandakoa berretsi zuen. «Soldata izoztea eskatuko dugu, beste kontu bat da onartuko duten edo ez», azaldu zuen.

Aurretik bada zer argitu, edonola ere. Besteak beste, urte bukaerako inflazioa. Puntu horretan Espainiako datua erabili zuen Bilbaok, argudio modura. «Gure itunak zehaztua duen igoera KPIa gehi %1 bat da, baina orain, KPIa - %1 denez, berdinduta gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.