Zergak «izugarri» handituko dituzte Portugalen, troika asetzeko

Sindikatu nagusiak azaroaren 14rako greba orokorrera deitu du; egun bererako deitu dezakete ere Espainian

xabier martin
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Oposizio, enpresari eta sindikatuen kritika gogorrek, eta batik bat kaleko protesta indartsuek, atzera egitera behartu zuten orain bi aste Pedro Passos Coelho; Gizarte Segurantzaren langileen kontribuzioa nabarmen igotzeko proiektua zuen Portugalgo lehen ministro kontserbadoreak, soldatak %7 jaitsita batez beste; baina ez da beteko.

Esku hartutako herrialde batek, ordea, ez du maniobrarako tarte handirik, eta Portugalgo Gobernuak troikak ezarritako defizitarekin (%5) bete behar du nahi eta nahi ez. Hala, kontribuzioen neurria ordezkatuko duten beste hainbat ezarriko ditu. Ondasunari eta kapitalari zergak handituko dizkie; besteak beste, dibidendu eta interesak jasotzegatik gehiago ordaindu beharko da, eta milioi bat euro baino gehiago balio duten etxeak dituztenentzako zerga berri bat egongo da. Halaber, funts publikoen banaketa berria egingo dute. Zergak «izugarri» handituko dira, Vitor Gaspar Finantza ministroak atzo onartu zuenez. Errenta zergaren pisua %9,8tik %13,2ra igoko da. Igoera askoz ere handiagoa izango dela kalkulatu du jadanik Portugalgo prentsak. Finean, 2014 arte 4.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Coelhok, soldaten jaitsieraren bidez lortu nahi zuena.

Neurri horiek hartu ezean, Portugalek %6,2ko defizitarekin bukatuko du 2012. urtea, troikak ezarritakoa baino %1,2 gehiago. Hala dio Coelhoren gobernuak. Defizita %5era aldatzea onartu zuen EBk eta NDFk; %0,5eko arnasa eman zioten Portugali helburua ez zuela beteko ikusita. Adostutakoa %1,2an gainditzeko arriskua dago, hala ere, 1.000 milioi euro inguru, eta aldea berdintzeko zergak igoko ditu gobernu kontserbadoreak. Ez hori bakarrik, ANA aireportuen kudeatzaile publikoa enpresa pribatu bati kontzesioan utziko dio, pribatizazioan urrats bat gehiago emanda.

Greba orokor handia

CGTP Portugalgo sindikatu nagusiak (komunista) greba orokorrera deitu du dagoeneko gobernuaren azken murrizketei erantzuteko; azaroaren 14an izango da. Erabaki horrek herrialdearen mugak gaindi ditzake, Espainian ere egun bererako greba orokorra deitu baitezakete, sindikatuek halakorik baieztatu ez duten arren. Europako hegoalderako greba egun handi bat deitzeko asmoa dutela diote hainbat iturrik, Iberiako penintsulaz gain, Italia eta Grezia ere deialdian sartuta. Beraz, azaroaren 14a izan daiteke greba handiaren eguna, halako ekimen ahaltsua aurrera ateratzerik bada. Portugalen, edonola ere, greba deialdia gauzatu da.

Lisboan, Porton eta beste hiri handi askotan mobilizazioek ez dute etenik izan ia, azken egunetan. Portugalek arazo handiak ditu defizitarekin betetzeko. Murrizketa dramatikoek, haatik, ez dute emaitzarik eman. Zergetan jasotzen den diru kopuruak asko egin du behera, kontsumoa ere asko jaitsi delako. Europako hegoaldeko herrialde askotan behin eta berriro errepikatzen den gurpil zuloa da: murrizketa handiak egiten dira aurrezteko, Europak jarritako defizitarekin beteko delakoan; herritarrek erosteko ahalmena galtzen dute; kontsumoa jaitsi egiten da; eta zergetako dirua ere jaitsi egiten da, nahiz eta zergak igo; beraz, defizitarekin betetzea ezinezkoa bihurtzen da ia.

Erreskatearen ondorengoa

2011ko maiatzean Portugalgo estatua hondoa jota zegoen adierazle makroekonomikoei begira. EBk eta NDFk 78.000 milioi euroko erreskatea onartu zion Jose Socrates sozialistaren gobernuari, murrizketa gogorrak egitearen truke.

Hamasei hilabeteren ondoren, ezin da esan Portugal hobeto dagoenik, ez adierazle ekonomikoei etaez gizarte egoerari begira ere. 2012rako BPGren %3 baino gehiagoko jaitsiera aurreikusita dago, eta langabezia %15,5ekoa izango da. Datorren urterako %16,4ra iritsiko dela esan zuen atzo gobenu kontserbadoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.